(Argazkia: Gorka Bravo)
Dantzak Alemania eta Txekiako hainbat jaialditara eraman du Gorka Bravo argazkilari intxaurrondotarra. Berlingo kaleak eta hiri paisaiak ere irudikatu ditu argazkietan.
Berlin hiriaz maitemindu da Gorka Bravo argazkilaria (Intxaurrondo, 1981). Joan den udan eta udazkenean Alemania eta Txekiako hainbat dantza jaialditan aritu zen lanean, eta aspaldiko ametsa betetzea lortu zuen, Berlin ezagutzea: «Beharra nuen hara joateko. Badakit edozein artista gazterentzako Berlin erakargarria dela. Alde horretatik ez naiz batere originala. Inoiz gustatuko litzaidake bertan denboraldi batez egotea».
Mugimenduan dagoen hiria dela uste du, hiri bizia dela. Artista asko eta asko ikusi ditu lanean. Kaleko artea, underground kultura, arte azokak, gaueko argiak… «Joera berriak daude, alternatibak… Berlinen artea denon eskura dago. Espazio irekiak dituzte, publikoak. Hemen, ordea, artearen eremuak muga oso zehatzak ditu, eta instituzionalizatuegi dagoela esango nuke. Egoera kezkagarria da hemen. Oso gutxi dira arteaz bizi direnak. Han ere ez dago diru gehiegi hainbat proiektu aurrera eramateko, baina egonkortasun handiagoa dute artistek».
Utzitako jolas parke bat Berlinen ezagutu zuen lekurik bitxienetakoa dela dio. Baita parke bihurtu den aireportu zahar bat, Tempelhof izenekoa. «Garai batean zerbait izan ziren eraikin eta espazioak berrerabili egin dituzte, baina berreraiki gabe. Historia dario hiriari. Mendebaldea eta Ekialdea; pertsonak eta lekuak…».
(Argazkia: Gorka Bravo)
Dantzarekin bidaian
Berlin ezagutzea aspaldiko beharra asetzea izan da; eta bere lanari esker bidaiatu ahal izatea, egia bihurtu den ametsa. Uztailean Txekian izan zen, Pragan eta Brnon. Bigarren hiri honetan ProArt festival dantza jaialdian parte hartu zuen, irakasle gisa. Dantza argazkilaritzaren inguruko lantegia prestatu zuen: «Erronka handia izan da. Lantegi bat prestatu dudan lehen aldia izan da, eta gainera ingelesez. Baina asko disfrutatu dut».
Abuztuan Alemaniara joan zen, Munichera. Tanzwekstatt Europa izeneko dantza jaialdiko argazkilari ofizial gisa hartu zuten. Ondoren, Berlinera bidaiatu zuen, baina ez lanera, hiriaz gozatu eta argazki kamera eskuan txoko eta espazio guztiak ezagutzera: «Nik errutina hausten dituzten gauzak ditut gustuko, eta Berlinek espontaneotasuna berezko duen bertutea da». Eta azaroan, berriz ere Alemaniara, Essengo 678 Kilo Tanz jaialdira.
Bravo 2008an murgildu zen dantza munduan, Bartzelonako Marathon Spectacle jaialdian. Dies de Dansa, Dantza Hirian eta beste hainbat ekimenetan ere lan egin du gazte donostiarrak.