Karmengo jaien barruan egin diete omenaldia; hamalau arraindegitako langileek lore sorta eta zapi bana jaso dituzte.
Todo Todo dendako arrain saltzailea, Amara Berriko Auzo Elkarteko bi kiderekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Omenaldia hasi baino ordu erdi lehenago Arostegi arraindegian elkartu dira Amara Berriko Auzo Elkarteko hainbat kide. Bertan gordeta zituzten lore sortak eta zapiak hartu eta auzo elkartearen egoitzara joan dira, ondoren arrain saltzaileei eskainiko zieten aitortza prestatzera. Lore sortak hamalau multzotan banatu, eta sorta bakoitzari Amara Berriko Karmengo jaien zapia jarri diote. Dena prest izan dutenean, arraindegiz arraindegi ibili dira, txistularien laguntzarekin eta ingurutik pasatzen ziren auzotarren begiradapean.
Auzo elkarteko kide Nerea Albisuk IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio Iñaki Olasagasti presidentearen ideia izan zela arrain saltzaileak omentzea: “Auzo elkartekoak asteazkenero biltzen gara, eta egun batean Iñakik Karmengo Amaren egunean zerbait egin behar zela esan zigun”. Amara Berriko Karmengo jaiek hemeretzi urte egiten dituzte aurten, eta lehenengo aldia da egun handi honetan horrelako omenaldia egiten dutela. “Auzotar askok esaten zidaten:
Karmengo egunean zer? Ez duzue ezer egiten? Orduan, horrekin pentsatzen hasi eta omenaldiarena bururatu zitzaidan”, adierazi du Olasagastik. Hasieran auzoko arraindegi guztiak bisitatu, xanpaina botila eraman eta arrain saltzaileekin topa egitea pentsatu zuten. “Baina ideia horrek arrisku bat zeukan: auzo elkarteko kideak hainbeste edan ondoren gaizki ibiliko ginen!”, esan du Olasagastik algaren artean. Hortaz, xanpaina alde batera utzi, eta lore sorta eta zapi bana ematea polita izan zitekeela iruditu zitzaien kide guztiei. “Jaietan beti joaten gara komertzioetara laguntza eske, baina gaur guk eman nahi diegu zerbait”, esan du Albisuk.
Ezustean, gehienak
Honela, gaurkoan, hamalau arraindegitako arrain saltzaileei egin diete bisita: Todo Todo, Eroski, Gainza, David, Mañoli, Super Amara, Mertxe, Saizak, Gorka, Isabel, Ortigala, Akamar, Urkatx eta Arostegi. Loreak eta zapiak eskaintzeaz gain, arraindegi bakoitzaren kanpoaldean txupina bota dute. Arrain saltzaile batzuk bazekiten gaurkoan zerbait berezia gertatuko zela, baina gehienak ezustean harrapatu ditu omenaldiak. “Goizean auzo elkarteko kide bat etorri da, eta 10:30etik 12:30era arraindegitik ez mugitzeko esan dit. Harrituta gelditu naiz, eta hamaiketako bezala sardinak edo ekarriko zidaten galdetu diot. Baina ez nuen espero!”, azaldu du pozik David Luna arrain saltzaileak.
Todo Todoko Igone Arrizabalagak bazekien bisita egingo ziotela, baina ez zuen pentsatzen horrelako ekitalditxoa izango zenik: “Horrelako omenaldirik ez didate inoiz egin, eta oso polita izan da bizitzea. Zapia jarriko dut!”. Eroskiko arrain saltzaile Maite Pellejerok omenaldiari esker izugarrizko giroa sortu dutela esan du: “Bezeroak ere ezustean harrapatu ditu, eta gu oso pozik gaude. Horrelako gauzak berreskuratzea eta gurekin gogoratzea asko estimatzen dugu”. Maria Jesus Otaegi eta Maribel Marcelo hunkitu dira unearekin eta hainbeste urte arraindegian eman eta gero horrelako omenaldiak asko eskertzen dituztela adierazi dute. “Oilo ipurdia jarri zait txistulariak eta auzo elkarteko kideak niregana etortzen ari zirela ikusi dudanean”, aitortu du Marcelok.
Super Amarako arrain saltzaileei omenaldia egin ondoren, bertakoek hamaiketakoa eskaini diete auzo elkarteko kideei. Azken geldialdia Arostegi arraindegian egin dute, oraingoan bai, xanpaina botilarekin. Izan ere, Arostegin lan egiten duten bi arrain saltzaileak auzo elkartearen parte dira, eta omenaldirik bereziena beraiei eskaini nahi izan diete.