Arrauna, aisialdirako eskaintza
Lehia alde batera utzita, arraunean aritzearen esperientzia lagunartean ezagutu nahi dutenentzat arrauning enpresa sortu du Unai Elizasu altzatarrak.
Arrauning
Bere ideia abian jartzea lortu du Unai Elizasuk (Altza, 1980). Proiektuak sortzea gogoko du altzatarrak, eta bere azken sormenean, bertsolaritza alde batera utzi eta arraunera jo du. Hala, arrauning sortu du. «Edonork ordu pare batez arraun egin nahiko balu, horretarako aukera emango diogu. Bueltatxo bat eman eta arraunlari sentitzeko», azaldu du Elizasuk. Bere hitzetan, beste kirol batzuk praktikatzeko, beti dago materiala erosteko aukera edo errentan hartzekoa; arraunerako materiala lortzea, ordea, zaila dela dio.
Ideia aspaldikoa duela onartu du: «Duela hamar urte inguru, Gipuzkoako Arraun Federazioan lan egin nuen. Arrauna probatzeko aukera eskaintzen genuen eta ongi atera zen esperientzia, haur pila bat igaro baitziren». Proiektu hori bertan behera geratu zela dio Elizasuk, diru laguntzak bukatu zirelako. Hala ere, ordutik buruan izan duen ideia hori egi bihurtzea erabaki du oraingoan. «Ideia hori beti buruan izan dut; arrauna gure artean denok ezagutzen dugun kirola da, baina inork ez duena praktikatzeko modurik, lehia bezala ez bada». Hala, arrauna edonorengana hurbiltzea da enpresaren asmoa. Momentuz ez duela laguntza askorik behar dio, baina materiala lortzeko Ur-Kirolaken laguntza ezinbestekoa du.
Partaidetza irekia dela argi utzi nahi izan du Elizasuk, haurrekin arrakasta izan dezakeen arren, helduentzat ere egokia delako. «Duela hamar urte, esaterako, haurrekin aritu ginenean, elbarri fisikoak ere ibili ziren, baita down sindromea zuenen bat ere, eta izugarri gozatu zuten. Azken batean, ez dago inolako arazorik eta taldekoek euren besoekin egindako indarrak mugituko du ontzia».
Finean, arraunean egitea zaila ez dela defendatzen du. «Arraunean ongi ibiltzea zaila da, baina probatzeko eta aurrera egiteko ez dago batere zailtasunik». Edozeinenek bizi dezakeen esperientzia dela azpimarratu du. «Agian, 80 urteko pertsona batek ezingo luke arraunean egin, baina ezin dut ziurtatu, ez baitut halako esperientziarik. Baina kirola oso urrutikoa duen jendearekin aritu naiz, esaterako, eta inongo arazorik gabe». Gainera, aipatu nahi izan du, ez dagoela zorabiatzeko arrazoirik. «Jardunean zabiltzala ez zara zorabiatzen, autoa gidatzen duenari gertatzen zaion bezala. Azken batean, denok ezagutzen dugun kirola da eta edonorentzat erakargarria izan daitekeela iruditzen zait».
Edonola, partaideek azalpenak jasoko dituzte arraunean hasi aurretik; eta ontzian ere, begiralearen laguntza izango dute. «Uretaratu aurretik, 10 minutuz jakin beharrekoak azalduko dizkiegu. Batik bat, zein den arraunerako keinua. Gero, txalupan eseri eta arraunean egiteko aukera izango dute».
Batela, trainerilla edo trainerua
Begiralea patroi lanetan joango da, ontzia zuzentzen, eta beharrezkoa bada, beste bat ere arraunean sartuko dute. «Bateletan eta trainerilletan, aski izango da begirale bat patroi bezala aritzea. Partaideen maila bakarrik joateko modukoa ez dela ikusten badugu, arraunlari bat ere sartuko dugu. Traineruan, patroia eta arraunlaria jarriko ditugu». Hori bai, segurtasun neurriak direla eta, batela eta trainerillekin ibaian bakarrik ibiltzeko aukera izango dute. «Batelak nahiko baxuak dira eta olatuekin kontrolatzeko nahiko zailak dira; traineruan, ordea, ez dute itsasoan ibiltzeko arazorik izango». Hala, itsaso zakarrarekin ere arraunean ibiltzeko aukera izango dutela dio. «Ziur ongi pasako dugula».
Kontxako bigarren igandean eman zuten albistearen berri, jendeari informazio orriak banatuta. «Jende askok harrituta deitu digu, kontu berria baita». Momentuz bi talde dituzte interesatuta eta eguna jartzea baino ez zaie falta. «Ezkondu aurreko agur festa bat izango dugu, eta traineruan ibili ondorengo afaria antolatzeko ere eskatu digute. Bestetik, enpresa bateko langile taldea ere animatu da».
Arraunean aritzeko gogoa duena, dagoeneko Elizasurekin harremanetan jar daiteke, beraz. «Gu prest gaude, edozein egunetan jarduteko. Kontua jendeak hots egitea da eta gurekin eguna adostea». Gainera, ez dute aurrerapen handiarekin hitzartzea eskatzen. «Beharrezkoa balitz, egun batetik bestera egingo genuke tratua». Materiala Ur-Kirolakek utziko dienez, klubaren Loiolako egoitzatik bertatik egingo dute irteera.
- Zer. Arrauna edonoren eskura. Batelean, trainerillan edo traineruan bi orduz aritzeko aukera.
- Non. Urumea ibaian edo Kontxako badian.
- Harremanetarako. arrauning@gmail.com edo 666.995.198 telefonoan.
- Informazio gehiagorako. arrauning.com