Erdialdeak urteak daramatza betiko komertzio txikiak saltoki handiengatik ordezkatzen dituen transformazio prozesua jasaten. Eva Villar artistak ‘Exposicion x cese’ egitasmoa abiatu du errealitate hori ikusarazteko asmoz.
Eva Villar, Casa Susperregiren sarreran azalpenak ematen. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Ia 90 urteko ibilbidearen ostean, Donostiako erdiguneko Casa Susperregi lentzeria dendak agur esan die bere bezeroei. Arrasate kaleko negozio zaharra betiko galdu diren hiriko komertzio tradizionalen zerrendara batu den azken kasua da.
Badira urteak saltoki handien presioa dela eta, hiriaren erdigunea erabateko transformazio prozesu bat jasaten hasi zenetik; betiko komertzio txikiak beste edozein hiriburutan topa daitezkeen marka multinazionalengatik ordezkatzen dituena, alegia. Egoera hori ikusarazi eta saltoki txikien jabeen esfortzu eta iraunkortasuna omentzeko asmoz, Eva Villar artista eta diseinatzaileak Expo x cese egitasmoa abiatu berri du.
Arrasate kaleko dendaren erakusleihoa baliatuz, performanceak egiten dituen artista donostiar honek San Martin ondoko izkinatik pasa ziren hiritarren arreta erakarri zuen asteartean estreinaturiko ekitaldian. Kristalaren atzean bi dantzari, manikiarena egiten, geldirik dagoena edozein unetan berriro mugitu daitekeela ulertaraziz, agian. Lokal barruan, berriz, 1950 eta 1998 urteen bitartean eginiko argazkien bilduma pribatua, zaharra denaren edertasuna aldarrikatzen.
«Betiko saltokiak desagertzen ari dira, ez gauzak gaizki egiten dituztelako, hiritarrok behar bezala zaintzen eta babesten ez ditugulako baizik», adierazi du Villarrek. 2014an hasi zen desagertzear dagoen hiri ondareari arreta eskaintzen, San Bartolomeko obrekin Amaran eraitsi zituzten eraikinetako batean Exposicion x derribo erakusketa egin zuenetik.
Geroztik, bere ikuspuntua hiriko komertzio tradizionaletara zabaltzeko aukera bilatu du, orain arte. Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo kulturalak sustatzeko sortu duen META proiektua aprobetxatuz, artista donostiarrak Casa Susperregin bere lehen lana aurkezteko aukera topatu du, Dantzaguneko Leire Otamendi eta Myriam Perez dantzariekin batera. Aldundiaren programa
crowdfunding kanpaina batean datza, eta bertan hiritarrek proiektu kultural zehatz bati zuzentzen dioten euro bakoitzeko, erakundeak beste bat gehitzen du. Asteartekoa bezalako saioen jarraipena diru bilketa horren arrakastaren araberakoa izango dela azaldu du Villarrek, «lan handia delako eta bertan jende desberdin askok hartzen duelako parte».
Dantzaguneko dantzariak dendako erakusleihoan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Globalizazioa aurrez aurre
«Casa Susperregik kalitatezko produktuak eta tratu oso pertsonalizatua eskaintzen zituen», Erdiguneko Marisaren arabera. Urteetan zehar Arrasate kaleko dendaren bezero izan da, eta bere itxiera «nostalgiarekin» bizi duela azaldu du, berritasunaren alde dagoela onartzen badu ere. Bere ustetan, «saltoki handien masibotasunak eta hoztasunak ezin dute komertzio txikiaren goxotasuna ordezkatu». Berdin pentsatzen du 45 urtez lentzeria denda historikoaren jabe izan den Mercedes Telletxeak. Bere ustez, «hirira heldu diren ‘erraldoiekin’ erdiguneak pixkanaka bere jatorrizko nortasuna galdu du». Bere familiaren kasuan, Kanadako inbertsio-funts batek lokalarengatik «eskaintza izugarri bat» egin dielako utziko dute negozioa.
Villarrek garbi dauka Erdigunearen transformazio hau globalizazioaren eragin zuzena dela: «Prozesu hau ez da auzoko komertzioetara mugatzen, guztion bizitza erritmoan eragina ere badu, eta produktu eta tratu mota baten desagertzea ekarri dezake».
Egun hauetan urria hasieratik aurrera egingo dituen performanceak prestatzen dabilela jakinarazi du Villarrek. Erabiliko dituen hurrengo erakusleihoak San Martin kaleko Oddity denda eta Loiola kaleko Ricardo Optico eta La Esperanza izango dira. Azken bi hauek ez dira itxiko, baina «bere jabeen etengabeko esfortzuak» omenaldi bat merezi duela azpimarratu du artista donostiarrak. «Egoera honen aurrean ezer egiterik ez dagoela diotenei oker daudela erakutsi nahi diet», azaldu du Villarrek, «nahikoa izango litzateke bakoitzak gure aletxoa jarri eta liburua erostera FNACera joan ordez etxe ondoko liburu-dendara joango bagina».