Asteazken Kulturalak, orain, San Telmo Museoan
Bertan behera uztea pena handia zen, azken urteetan taldetxoa erakartzea lortu baitute emanaldiekin. “Orain urte batzuek beherakada izan zen, agian formatuan edo gaietan asmatu ez genuelako; baina azken lauzpabost urteetan oso ondo joan da, jendea hurbiltzen da. Batzuk finkoak dira, beti datozenak; eta gainontzekoak gai batek edo besteak erakarritakoak”. Hori horrela, dirua biltzeko bide berriak aztertzen hasi ziren, eta San Telmo Museoaren atea jo zuten. Adostutakoaren arabera, saioetarako museoko areto nagusia utziko diete; eta hori libre ez balego, areto berri bat atonduko diete. Era berean, hizlariei ordaintzearen kostua bere gain hartuko du San Telmo Museoak. Bagera, ordea, orain arte bezala, antolaketaz arduratuko da: gaiak aukeratu, hizlariak aurkitu… Aurtengo zortzi saioen ondoren, bi erakundeek berriro aztertuko dute akordioa. “Aldaketak zer dakarren ikusiko dugu, eta beraiek, ekimenarekin jarraitzea interesatzen zaien ala ez”, zehaztu du Gonzalezek.
Saioetarako gune berriak jendea erakarriko ala aldenduko duen zalantza dute. “Urtetan Koldo Mitxelena Kulturunean egin dugu, eta orain, San Telmora ohitu beharko dute. Aldaketa ona edo txarra izango den ez dakigu. Koldo Mitxelena Erdialdean dago, eta eguraldi txarrarekin San Telmora joatea zailagoa izan daiteke… Hala ere, leku oso polita da, eta jendea erakartzea espero dugu”.
Toki batean zein bestean, Asteazken Kulturalek betiko bidetik jarraituko dute: “Euskaldunen topagunea izan eta edozein gairi buruz euskaraz hitz egitea”, laburbildu du arduradunak. Asmo horrekin hasi ziren 1992an, Bagera elkartea sortzearekin batera. Lau urtez aurrera egin ondoren, sei urtez luzatu zen etena izan zen. 2002an jarduera berreskuratu zuten, eta ordutik, ez du hutsik egin. Hitzaldiak baino askoz gehiago Hitzaldiak nagusi izan arren, bestelako ekimenak ere egiten dituztela gogoratu du Gonzalezek. “Nahiz eta hitzaldien ideiarekin sortu, Asteazken Kulturalak izanik, bestelako saioak ere izan behar zirela pentsatu genuen. Aukera berriak gehitu ziren eta teknologiek ere lagundu dute bidea egiten. Antzezlanak, errezitaldiak, ikus-entzunezkoak… denetarikoak landu ditugu”. Gaiak bagerakideengandik nahiz mintzalagunengandik jasotako proposamenen artetik hautatzen dituzte; ekarpenak egiten dituen talde txiki bat ere baden arren. “Jendeak zein ardura dituen, zein gaik ukituko duen jakitea gustatzen zaigu. Puri-purian dauden gertaerak ere kontuan hartzen ditugu”. Horren erakusgarria, azaroan, landuko duten gaia: Krisiaren harira hipotekak ordaintzeko ezintasunarengatik gertatzen ari diren desjabetzeak.
Horren aurretik, hala ere, beste hainbat konturi buruz solasean aritzeko parada izango dute. Gaur bertan, esaterako, Mikel Etxaburuk Zu zara orain txoria liburuaren errezitaldia egingo du Iban Ezkerra gitarristaren doinuek lagunduta, 19:30ean. Kantatutako poemen bidez, Etxaburuk kartzelan bizi izandakoak eta sentitutakoak kontatuko dizkie bertaratutakoei. Hurrengo hitzordua, aldiz, Bilgune Feministako kideekin batera antolatu dute. Emakumearen Egunaren inguruan emakumeei buruzko zerbait prestatzen dute. Aurtengoan, zabu gainean egindako zirku ikuskizuna izango da, oraindik lekuari nola egokitu aztertzen ari badira ere.