Bera Bera Eskubaloia ekonomikoki hornitu du Eusko Jaurlaritzak
Aurrerantzean, Donostiako taldeak ‘Basque Country’ eramango du idatzia bere elastikoan
Bera Bera Eskubaloiak eta Eusko Jaurlaritzak akordio bat itxi berri dute. Guztiaren berri zehatzagoa emateko, prentsaurrekoa eman zuten atzo goizean, Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzan. Bertan azaldutakoaren arabera, aurrerantzean Basque Country eramango du idatzita Bera Berak bere elastikoan, eta atzealdean ikurrina txiki bat. Aldi berean, laguntza ekonomikoa eskainiko dio Jaurlaritzak klubari, Europan lehiatzeak emango dizkion gastuei aurre egin ahal izateko. «Oso berri ona da, eta ekonomikoki oreka mantentzen lagunduko digu. Gugan konfiantza izateagatik eskerrak eman nahi dizkiot Jaurlaritzari», aipatu zuen agerraldian Bera Berako Tati Garmendiak. Azken batean, helburuak betetzea eta Errekopan asteburu honetan hasiko duten bidea ona izatea espero dute; hala, Basque Country izena soinean ahalik eta denbora gehienean eramateko.
Errekopa hastear
Txapeldunen Ligako kanporaketan kalean geratu ostean, Errekopan lehiatuko da Bera Bera Eskubaloia. Donostiako klubak Errekopako lehen bi partidetan Danubius Galati Errumaniako taldea izango du aurkari, datorren asteburuan, hau da, azaroaren 10ean eta 11n. Cup Winners Cup lehiaketako hirugarren faseari dagokion kanporaketa Donostian jokatuko dute. Hala, joaneko partida Anoetako Gaska kiroldegian jokatuko dute, larunbatean, 17:30ean, eta ETB K-Sat telebista kateak zuzenean eskainiko du; itzulerako lehia, berriz, Bidebietako kiroldegian jokatuko dute, igandean, 12:00etan.Matxalen Ziarsolo jokalariak onartu zuenez, ezer gutxi dakite Errumaniako talde aurkariaz: «Talde ezezaguna da Errumaniakoa. Badakigu iazko talde desberdina dutela, arazo ekonomikoengatik edo. Orain, euren Ligako azken postuan daude, eta joan den asteburuan irabazi dute momentuz partida bakarra».
Errekopako hirugarren fasean 24 talde izango dira lehian. Bera Berak errumaniarrak gainditzen baditu,datorren astean egingo duten zozketan sartuko da, beste 12 talderekin batera. Txapeldunen Ligan aritutako beste lau talde elkartuko dira; multzo bakoitzeko hirugarren sailkatuak, hain zuzen. Ondoren, final zortzirenak 2013ko otsaileko aurreneko bi asteburuetan jokatuko dituzte.
ABF Ligari dagokion bederatzigarren jardunaldiko partida jokatuko du gaur Bera Berak, Castelldefelsen aurka, 18:00etan, Bidebietako kiroldegian. Ondoren, Errekopako lehiak prestatzeko beste hiru egun izango ditu.