"Banuen esperientzia pixkat bat kamera aurrean"
Borja Agote, Surflaria
‘Imberno’ filma aurkeztu dute Surfilm Festibalaren barnean; Borja Agote surflari egiatarra da protagonista nagusia
Lasarteko Igor Bellidok zuzendutako Imberno filma ikusteko aukera egongo da gaur. Aquariumen izango da emanaldia, 21:00etan, eta sarrerak 4 euro balioko du. Euskal surfistek negua iristean leku epeletara egiten dituzten irteerak dira gai nagusia, eta hainbat surfisten gora-beherak islatu ditu. «Mugimendu handiko filma da, oso azkarra», azaldu zuen Bellidok aurkezpenean. Filmaketan izandako esperientziaren berri eman dio Irutxuloko Hitzari Borja Agotek (Egia, 1992).
Film batean parte hartzen duzun lehen aldia izan da?
Nire anaia, Iñigo, ni baino bi urte zaharragoa da, eta betidanik izan du gogoko kamerarekin ibiltzea. Nik blog bat dut, eta anaiak egiten dizkit bideo eta argazki guztiak. Beraz, banuen esperientzia pixka bat kamera aurrean. Igorrekin askotan lan egin izan dut, lehen argazkilaria baitzen. Hala ere, mundu mailako film batean parte hartzen dudan lehen aldia da. Igorrekin grabatzen oso ongi pasa dugu, konfiantza handia baitugu. Hilabetea labur geratu zitzaigun.
Denboraldia hasi eta bi txapelketa irabazi zenituen.
Donostiako Neguko Junior Surf Txapelketa izan zen lehena, ez zen oso garrantzitsua, baina irabaztea polita izan zen. Gero, Astuariseko Goanna Pro Txapelketa etorri zen, eta hori oso garrantzitsua zen. Open mailakoa zen, eta gustura sentitu nintzen hasieratik. Azken eguna nahiko zaila egin zitzaidan, haize asko zebilelen eta tenperatura hotza zen. Txanda asko jokatu behar izan genituen, baina finalean oso ongi mugitu nintzen, eta zortzi batekin eta sei batekin irabazi nuen.
Asturiaseko garaipenak bultzada handia emango zizun, ezta?
Bai. Final-zortzirenetatik sekulako maila zegoen, brasildarrak zeuden eta esperientzia handiko surflari helduak, Paulo Gutierrez, Jatyr Berasaluze edo Norman Landa. Niretzat gauzak ezinhobeto atera ziren. Eskerrak eman behar dizkiot nire entrenatzaileari, Josetxo Berasategi, denbora guztian jantzi lehorrak prest bait zituen, eta garaipena lortzeko asko lagundu zidan.
Nola antolatzen duzu denboraldia?
Udaran txapelketak izaten ditugu, eta negu osoan entrenatzen ibiltzen gara. Negua Hawaiin edo Australian bukatzen dugu. Gero, urtarriletik aurrera, beste entrenamendu fase bati ekiten diogu, eta martxoan edo apirilean txapelketekin hasten gara, berriro negua iritsi arte.
Surfa da zure bizitza orduan?
Ikasketak bukatu ditut, eta hor dauzkat, lesioren bat badut edo. Surfak egun osoa kentzen dit, goizeko zortzitatik entrenatzen dut eta gaueko zortzietan leher eginda bukatzen dut.
Orain zein txapelketa dituzu buruan?
Hilabete lasaiago bat izaten dugu beti, eta gero, txapelketa asko izango ditugu Europa mailan. Hego Afrikara ere joatekoak ginen, baina oraindik ez da txapelketa ziurtatu. Beti saiatzen naiz txapelketak baino bi egun lehenago tokia ezagutzera joaten, entrenamendu zehatzak egiteko.
Open mailan esperientzia baduzu, baina datorren urtean beheko mailei agur esan beharko diezu adinagatik.
Badaramatzat urte batzuk Open mailan lehiatzen esperientzia hartzeko, baina datorren urtean buru-belarri sartuko naiz. Nire ustez oso lehiakide gogorra naiz; txapelketak galtzeak haserretzen nau, baina parte hartzera joaten naiz, eta sentipen onekin geratzea da onena. Nik surfa dut gogoko, ez dut surfa irabazteko egiten, eta hori da aurrera jarraitzeko indarra ematen didana. Datorren urterako bereziki Europan aritzea da nire asmoa, sailkapenaren goikaldera iristeko. Esperientzia hartu nahi dut, badakit kontua ez dagoela batere erraza, baina saiatuko naiz.