Donostiako garraioari buruzko araudi berria indarrean dago Dbus-en, 2001. urteaz geroztik zegoena ordezkatu eta gero. Erabiltzaileen betebeharrak eta debekuak aurreikusten ditu
Erabiltzaile bat, araudi berriaren laburpena irakurtzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Izozkia Donostiaren ikurretako bat da askorentzat; uda partean, bereziki. Bada, ikur hori arazo iturri bilaka daiteke, Dbus-en araudiari erreparatu ezean. Izan ere, erreglamenduak isuna aurreikusten du izozkiarekin autobusera igoz gero.
Hori da Donostiako garraioari buruzko araudi berriaren puntuetako bat. Hain zuzen ere, Dbus-ek joan den apirilaren 7an jarri zuen indarrean, 2001. urteaz geroztik zegoenaren ordez. Autobus geltokietako beiretan laburpen moduko taula bat jarri dute, erabiltzaileei euren betebeharrei buruz informatzeko.
Era askotako artikuluak jasota daude. Esaterako, debekatuta dago «ibilgailura sartzea izozki, likidoz betetako ontzi eta botila irekiekin; pipak edo beste edozein jangarri jatea, ibilgailuak zikintzen direnean edo beste bidaiarientzat eragozpen denean». Arau-hauste hau arina litzateke. Ohartarazpenarekin edo 100 euro arteko isunarekin zigortuko litzateke, arau-hauslea berrerorlea ez bada. Kasu honetan, 201 eta 300 euro arteko isuna aplikatuko litzaioke, aurreko hamabi hilabeteetan zigortu izan balute.
Zigor arinak ere ezarriko lirateke ibilgailura patinak jantzita sartzeagatik; paskinak, liburuxkak eta edozein propaganda edo publizitate mota banatzeagatik; irratiak, soinua erreproduzitzeko edo komunikatzeko gailuak, gailu elektronikoak edo antzekoak erabiltzeagatik, bidaiarientzat edo gidariarentzat eragozpen izan daitekeen bolumenarekin bada; eta autobus barruan eskean aritzeagatik. Kasu hauetan guztietan, ohartarazpena edo salaketa egin ezean, gidariarentzat berarentzat izango litzateke isuna: 201 eta 300 euro artekoa.
Arau-hauste larriak ere aurreikusita daude bidaiarientzat. Mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako eserlekuak eta guneak ez errespetatzeagatik; ibilgailura arriskutsuak izan daitezkeen animaliak sartzeagatik; ibilgailuen barrualdea edo kanpoaldea eta geltokiak hondatzea, zikintzea, idaztea edo margotzeagatik; ibilgailura mozkortuta edo drogen eraginpean sartzeagatik, zerbitzuaren funtzionamendu normala eragozteko moduan; eta ibilgailuetan erretzeagatik. Kasu hauetan, 101 eta 200 euro arteko isuna ezarriko lukete.
Diruz zigortutako arau-hauste hauetaz gain, debeku gehiago daude bidaiarien betebeharren atalean; biluzik edo alkandorarik gabe bidaiatzea edo gutxieneko garbitasuna ez izatea, kasu.
Kontu hartu beharreko beste puntu bat aipatzen du araudiak: gidariek 20 euro arteko txanponen edo billeteen atzerakoa eman ahalko dute, baina kopuru horretatik gora ez dute txartela saltzeko obligaziorik. Oso garbi esaten du 42. artikuluak: «Erabiltzaileak 20 eurotik gorako zenbatekoa duten billeteekin soilik ordaintzerik balu bidaia, ezin izango da ibilgailura igo. Ibilgailua abiatu egin bada, hurrengo geltokian jaitsi beharko da».
Abantailak ere ditu araudi berriak. 2013an Gipuzkoan tarifak bateratu ondoren sortu zen garraio titulua, hau da, Mugi txartela, barneratu dute.
Era berean, elbarritasunen bat duten pertsonen irisgarritasun unibertsalari dagokionez, araudiak aurreikusten du itsuekin edo gurpildun aulkian doazenekin batera bidaiatzen duten pertsonek bidaia ez ordaintzea, elbarriaren segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko helburuarekin.
Modu berean, 5 urtetik beherako pertsonek doan bidaiatuko dute, beti ere pertsona heldu batekin joanez gero. Pertsona helduarekin gehienez bost urtetik beherako lau pertsonek egin dezakete bidaia.
Bestalde, animaliekin bidaiatzea ere araututa dago. Orain arte bezala, etxeko animalia txikiekin bidaiatu ahal izango da, beti ere bidaiariek besoetan edo animaliak eramateko ontzi batean eramanez gero, gainerako bidaiarientzat arriskutsua ez bada.
Beste artikulu batzuei dagokienez, erabiltzaileek skateak, patineteak eta antzekoak nahiz eskuko fardelak eraman ahal izango dituzte, arriskutsu ez badira eta eragozpenik sortzen ez badute. Zutik bidaiatzea dagoen ibilgailuetan, surfeko oholak, eskiak, musika tresnak edo antzekoak eraman ahal dituzte eurekin. Azkenik, haur kotxeak eta bizikletak eramaten dituztenek ez dute gehigarririk ordainduko.
Hori bai, bizikletak soilik garraiatu ahal izango dira horretarako modua eskaintzen duten ibilgailuetan, eta bakarra onartuko da pertsona bakoitzeko, eta bi bizikleta garraiatu ahal izango dira gehienez. Txirrindularia autobusaren erdiko atetik sartuko da, eta bizikleta plataforman kokatuko du, ondo lotuta: «Edonola ere, aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonek eta haur kotxe eta aulkietan doazen haurrek lehentasuna izango dute, eta bizikletek euren txanda itxaron beharko dute».
Gidarien irizpidea nagusituko da hainbat kasutan
Gidariak erabakiko du zer egin zalantzak daudenean. Adingabearen adinaren inguruan desadostasunik egonez gero, gidariak berak erabakiko luke, eta, hala ere, bidaiaren zenbatekoa itzuliko litzateke, adina behar bezala egiaztatuz gero.
Espazioaren inguruko eztabaidan ere nagusituko da gidariaren irizpidea. Halakoak gerta daitezke bidaiarien artean fardelak egonez gero.
Zerbitzuarekin zerikusia duten eztabaidak piztuz gero, leihoak ireki eta ixtearen inguruan, aire girotua dela eta ez dela, adibidez, bidaiariek gidariak erabakitakoa onartu beharko lukete.
Bidaiariak euskaraz artatzeko moduan egon beharko dute
«Bidaiarien errepide bidezko erabilera orokorreko garraio zerbitzu publiko erregularrak ematen dituzten enpresa operadoreekin eta enpresa horien establezimenduekin harremanetan jartzeko orduan, hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea; zerbitzu horietan ari diren langileek bidaiariak artatzeko moduan egon beharko dute, erabiltzen duten hizkuntza ofiziala edozein dela ere».
Dbus konpainiak oinarri duen araudi berriaren 19. artikuluaren zati bat da, hizkuntza politikari buruzkoa. Ez du zalantzarik uzten euskara erabiltzeko eskubideari dagokionez, ezta artikuluak jasotzen dituen gainontzeko puntuek ere. Hau horrela izanik, ikusi beharko da orain euskaldunen eskubideak bermatzen ote dituzten; salaketak izan baitira behin baino gehiagotan.
«Kapitulu honetan ezarritakoari jarraituz, pertsona bidaiariek, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilerari dagokionez, hizkuntza eskubide hauek izango dituzte». Horrela hasten da 19. artikulua, eta, aurretik aipatutako zatiaz gain, beste zenbait puntu jasotzen ditu; harremanetarako hizkuntza eskubideak, esaterako. Hala, garraio zerbitzu publiko erregularren titularrak diren administrazio publikoekin harremanetan jartzeko euskara edo gaztelera erabil daiteke. Gauza bera gertatzen da erreklamazioren bat egin nahi izanez gero.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen Estatutua ere aipatzen du araudiak: «Bidaiariekin harremanetan jartzeko orduan, bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuta egongo da honako hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko establezimenduetan, errotulu, abisu eta oro har publikoari zuzendutako komunikazioetan; bidaiariek betetzeko prestatu diren inprimaki edo eredu ofizialetan».
Hainbat liskar gertatu dira euskararen gaiarekin. Azkenetako bat iaz izan zen, administrazio kontseiluak Dbus-eko gidariei hizkuntza eskakizuna jaistea erabaki zuenean, EAJ, PSE-EE, PP, Irabazi Donostia eta UGT sindikatuaren aldeko botoekin.
Aurreko legegintzaldian adostutako desegitea ekarri zuen erabakiak, euskara ezagutza puntuagarria izatetik derrigorrezkoa izatea adostu baitzuten Bildu udal gobernuan zegoenean.