Debussy eta Escudero omenduko ditu 73. Musika Hamabostaldiak
Abuztuaren 3tik irailaren 2ra egingo dute jaialdia, eta sarrerak maiatzaren 25ean jarriko dituzte salgai
2012ko Musika Hamabostaldia abuztuaren 3tik irailaren 2ra egingo dute. Hala, 73. ekitaldi horretan, bi musikagile handi omenduko dituzte: Claude Debussy frantsesa (1862-1918) eta Francisco Escudero zarauztarra (1912-2002). Emanaldietarako sarrerak maiatzaren 25ean jarriko dituzte salgai, Kursaaleko lehiatilan eta Internet bidez.
Claude Debussyren jaiotzaren 150. urteurrenaren harira, konpositore frantsesaren obra ekarriko du Musika Hamabostaldiak. Aldi berean, garai bereko beste musikagile batzuen musikaz gozatzeko aukera ere eskainiko du egitarauak: Maurice Ravel, Paul Dukas, Eric Satie edo Gabriel Faure. Izan ere, garai hartako Parisko gizarteko zirkulu artistikoek erakarririk egin zuten horiek guztiek beren sorkuntza-lana. Kursaal Auditorioa bisitatuko duten orkestra sinfonikoek, Viktoria Eugenia Antzokiko Club Aretoko emanaldiek eta Musika Aitzaki nahiz Interprete Gazteen zikloek islatuko dute Debussyren musika-ondarea, eta Parisen XIX. eta XX. mende artean loratu zen kultura-jarduera bizia.
Francisco Escudero maisua, mende arteko Paris hartako kultura-bizitasun handiaren oinordekoa dela esan daiteke. Bere jaiotzaren mendeurrenean gogoratuko dute Hamabostaldian, Illeta oratorioa interpretatuz (abuztuak 17, Kursaal). Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren eskutik etorriko da Stravinskiren emanaldia.
Orkestra garrantzitsuak
Parisko Orkestrak Hamabostaldian bi kontzertu eskainiko ditu, Christoph von Dohnanyik zuzendaritzapean; abuztuaren 23an eta 24ean. Bi emanaldi horietan Jean-Frederic Neuburger pianista frantses gazteak ere parte hartuko du. Christoph von Dohnanyi-rekin batera, Yuri Temirkanov errusiarra izango da 73. Musika Hamabostaldiko beste batuta aipagarri bat. Temirkanovek 1998az gero zuzentzen duen San Petersburgoko Orkestra Filarmoniko ospetsua gidatuz bisitatuko du jaialdia, abuztuak 27an eta 28an.