Luzuriaga lantegi hustua, Molinaon. (Argazkia: Batix Ezeiza)
Badira ahaztuta ditugun txokoak, eraldatuko direnak edo suntsituko dituztenak. Hiriaren historiaren parte izan arren, gal ditzakegunak.
Azken hilabeteotan ardura piztu da hiritarrengan, Donostiaren ondare arkitektoniko eta
urbanistikoari dagokionez. Ez da ardura berria, nahiz eta gaur egun bi diren askoren ahotan dabiltzan auziak: alde batetik, Mirakruz kaleko 19. zenbakiko eraikin bereziaren eraisteari dagokiona, bertan estilo erabat desberdina izango lukeen etxe berri bat altxatzeko; bestetik, Uliako Lore Baratzei dagokiena, bertako ekosistema desagerrarazi eta bertan etxebizitzak eraikitzeko.
Baina badira utzita, hustuta, eraitsita edo desagertze arriskuan diren beste hainbat txoko ere, gure hiriaren ondarearen parte direnak: obretan den San Bartolome gaina, bertan eraikitzen ari diren auzo berriaren eraginez; Indianoene kaleko orube hutsa, Kortxoenea gaztetxea hartzen zuena; Uliako tranbiaren geltoki osagarria izandakoa, Ategorrietako frontoi alboan; Luzuriaga lantegi hustua, Molinao auzoan; Arte Ederren museoa, Prim eta Urbieta kaleen artean; Agustindarren eskola Martutenen, Urumea eta trenbidearen artean dagoena; eta beste hainbat eraikin eta txoko, etorkizunean akaso soilik argazkitan ikusiko ditugunak.