"Kirol honetan ez zara bakarrik sentitzen"
June del Campo eta Julen Egiguren: surflariak.
Txikitatik dabiltza olatu artean Julen Egiguren (Oiartzun, 1996) eta June del Campo (Gros, 2003); Groseko Indarrako kideak dira biak ere, uretan ematen dute eguna eta ibilbide oparoa osatzen ari dira.
Nolatan hasi zineten surfean?
Julen Egiguren (J.E.): Ni hasi nintzen nire anaia Izanek bultzatuta, bi urte zaharragoa da. Gurasoak Zumaiakoak dira eta familia osoa ibili izan da surfean. Aitarekin hasi ginen Hendaiara joaten txikitan, eta esango nuke lehenengo olatua 7 urterekin hartu nuela. Hasieran udaran bakarrik sartzen ginen, eta 11 urte nituela edo hasi ginen neguan ere sartzen, eta ordutik orain arte.
June del Campo (J.D.C.): Nire aita beti ibili da surfean, lehiatu ez den arren. Bere tabloian hasi nintzen surfeatzen 7 urte nituela. Eta Julenek kontatu duenaren antzera, ba hasieran, udaran bakarrik. Lehiatzen hasi ginenean hasi ginen neguan ere sartzen, eta orain arte.
Groseko Indarran noiztik zabiltzate?
J.E.: 13 urterekin hasi nintzela uste dut.
J.D.C.: Duela pare bat urte eman ziguten ahizpari eta bioi giltza bana. Aurretik ibiltzen ginen, aitaren bidez.
Nolakoa da zuen egunerokoa?
J.E.: Ni betidanik anaiarekin ibili izan naiz. Udaran, adibidez, 9:00etatik 18:00etara hondartzan egoten gara. Ikastaroak ematen ditugu, eta tarte bat dugunean uretara joaten gara. Bestela, orain bukatu dut diseinu grafikoko gradua, beraz, goizetan eskoletara joaten nintzen eta arratsaldetan uretara. Lagun asko egin ditut inguru honetan eta orain nire kuadrillako batzuk ere hasi dira surfean. Kirol honetan ez zara bakarrik sentitzen, beti zabiltza norbaitekin.
J.D.C.: Ni hondartza ondoan bizi naizenez, maiz etortzen naiz. Gainera, gustura egiten baduzu, edonorekin etortzen zara. Udaran, goizero ahizparekin etortzen naiz; eguerdian, aitarekin; eta arratsaldeetan ere hurbiltzen gara. Neguan, ikasketekin eta eguzki ordu gutxiago ditugunez, zailagoa da. Duela pare bat urte hasi nintzen klubeko Txarlirekin entrenatzen eta astero egiten ditugu taldean uretako entrenamenduak eta fisikoak, tartekatuz.
Zer moduz zabiltzate lehietan?
J.E.: 14 urterekin hasi nintzen lehiatzen, lehenengo Euskal Herri mailan. Hortik bi urtera, Europa mailako junior txapelketetan hasi nintzen, eta 18 urtetik aurrera zirkuituetan. Euskal Herriko zirkuituko lehenengo proba irabazi nuen, eta emaitzarik onena izan nuen Kanarietako Las Americas hondartzan, hirugarrena izan nintzen. Mundu mailako txapelketa da eta Europa lehiarako ere balio du. Ez daukat helburu zehatzik aurrea begira, ahalik eta hoberen egin nahi dut, baina ez dut inolako presiorik.
J.D.C.: Ni pixka bat lehenago hasi nintzen lehiatzen, Ikastxiki batean, 11 urterekin, nire ahizparekin batera. Orain saiatzen ari naiz ahalik eta txapelketa gehienetan parte hartzen. Nire mailan orain hasten dira proba gehienak. Sopelan izango dugu Europa mailako junior txapelketako proba bat. Ahalik eta gehien gozatu nahi dut nik ere.
Gogoko duzue beste hondartza batzuetan aritzea?
J.E.: Niretzat surfaren politena da beste hondartza batzuk ezagutzea. Egia esan, denbora dugun gehienetan mugitzen gara. Donostia hiriburua izanik, Zurriola oso hondartza ezaguna da, jende asko egoten da uretan, eta askotan ezin dugu ongi entrenatu eta gozatu. Frantzia aldera joaten gara batzuetan, edo Zarautz edo Getaria ingurura.
J.D.C.: Ni ere antzeko. Duela gutxi sortu zuten selekzioa Gipuzkoako federazioan, eta astero, astelehen eta ostiraletan entrenatzen dugu Zarautzen. Egia da Zurriola ezagunegia dela, egunero entrenatu dezakegu hemen, baina jendeak nekatzen zaitu, eta beste hondartza batzuetara joaten gara, neguan bereziki.
Baduzue hondartza gogokorik?
J.E.: Las Americaseko hondartza niri bihotzean geratu zait, lortutako emaitzengatik. Kanarietan oso baldintza onak daude gainera surfean aritzeko.
J.D.C.: Zarautz oso gogoko dut, olatua hemengoa baino mantsoagoa den arren. Duela bi urte Tenerifen egon nintzen, eta asko gustatu zitzaidan han ibiltzea.
Zenbat egun eman ditzakezue uretan sartu gabe?
J.E.: Udaran arraroa da ez sartzea… Neguan, aste bat uretara sartu gabe asko da. Esango nuke hor dagoela muga.
Badago harrobia?
J.E.: Gero eta gazte gehiago animatzen dira, bai. Gainera, Euskal Herrian oso ongi ikusia dagoen kirol bat da.