Epai batek baliogabetzat jo du Udaltzaingoaren lan deialdian euskara eskatzea
Epailearen arabera, betekizun hori «diskriminatzailea» da, eta «Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua» urratzen du; hots, herritarrek enplegu publikoa berdintasun baldintzetan lortzeko duten eskubideari eragiten dio. Horren aurka mobilizatuko dira gaur, Alderdi Ederren.
Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiaren epai batek baliogabetzat jo du Udaltzaingoaren lan deialdian B2 mailako hizkuntza maila edukitzeko eskatzea. Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20an Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen eskakizuna Udaltzaingoaren agente izateko eskainitako bi plazak eskuratzeko baldintza gisa. Epailearen arabera, baina, betekizun hori «diskriminatzailea» da, «Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua» urratzen duelako.
Epaileak honako hau planteatu du: «Ez da beharrezkoa udaltzainek euskara jakitea, herritarrek administrazioarekin hizkuntza hori erabiliz harremanetan jartzeko duten eskubidea bermatzeko. Oro har, nahikoa izango litzateke bikote bakoitzeko kide batek euskara jakitea».
Horrez gain, magistratuaren ustez, herritar talde bati lehentasuna ematen ari zaio beste batzuen aurrean, herritar horiek hizkuntza koofiziala jakiteagatik soilik, nahiz eta, haren aburuz, hori ez den beharrezkoa administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea bermatzeko.
Euskal hiztunei kolpea
Donostiako alkate Eneko Goiak oso txartzat hartu du berria, euskararen normalizazioa oztopatzen duela iritzita: «Iruditzen zait horrelako epaiek euskararen normalizazioaren aurka egiten dutela. Azken urteotan lan handia egin da pertsona guztien hizkuntza eskubide horiek bermatze aldera eta horrelako epaiek ez dute hori bermatzen». Era berean, EAJk eta EH Bilduk erakunde adierazpena plazaratu dute gertatutakoa gaitzesteko.
Beste behin, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak zalantzan jarri direla baieztatuta, epaia hizkuntza eskubideen aurkako «kolpe» gisa definitu du alkateak. Nolanahi ere, udalean «euskararen biziberritzearen alde» lanean jarraituko dutela adierazi du Goiak.
Bestalde, udaleko iturriek jakinarazi dutenez, udalaren idazkariak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu ala ez aztertzen ari dira, Uliazpikoan ez bezala, kasu honetan, Donostiako Udalari baitagokio helegitea aurkeztea.
Oldarraldiaren aurrean, mobilizaziora
Sententziaren aurrean, mobilizatzera deitu dute Bagera elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. «Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa», salatu dute. EAJk eta EH Bilduk mobilizazioarekin bat egin dute.
Horrela, elkarretaratzera deitu dute gaurko, 18:30ean, Alderdi Ederren. «Donostian euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!», gehitu dute. Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak (ELA eta LAB sindikatuek osatua) bat egingo dute mobilizazioarekin.