Europako abentura ez da bukatu
Txuri-urdinek Napoliren aurka berdindu dute (1-1), Italian, Diego Armando Maradona futbol zelaiaren izen berriaren estreinaldian.
Ezinezkoa zirudiena egin du Realak. Azken unean, luzapen denboran, lortu dute Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatzea. Txuri-urdinek Napoliren aurka berdindu dute (1-1), Italian, Diego Armando Maradona futbol zelaiaren izen berriaren estreinaldian. F multzoko bigarren postuan bukatu du Realak 9 punturekin.
Txuri urdinak sendo eta erasokor hasi dute partida, eta aukera garbiak izan dituzte. Garbiena Portuk izan du, baina Willian Joseren pasa bikaina ez du baliatu baloia ate barrura sartzeko. Barkatzeak zigorra dakar futbolean, eta Napolik gola egin du 35. minutuan Zielinskiren bitartez. Beste behin ere, korner baten aldaratzean etorri da gola eta kolpea. Ordutik aurrera, txuri-urdinak saiatu dira markagailua berdintzen, atsedenaldia iritsi den arte. Bigarren zatiko lehen minutuetan intentsitate bera mantendu dute, eta Merinok izan du partida berdintzeko abagune garbiena. Baloia kanpora bidali du. Minutuak aurrera, Reala ezinean aritu da, eta bazirudien Europako bidaia bukatzear zela. Ordea, 92. minutuan Willian Josek baloi bat area barruan ehizatu eta Ospina gainditu du zartako batez. Berdinketa horri esker, txuri-urdinek Europan jarraituko dute.
Multzoko beste neurketari begira ere izan dira Realeko jokalari eta zaleak. Rijeka aurreratu da markagailuan AZ Alkmarren kontra, eta emaitza horrekin txuri-urdinak sailkatuta zeuden. Herbeheretako taldeak berdintzea lortu du, eta emaitza horrekin ilusioak apaldu dira. Dena dela, jokalari bat gutxiagorekin geratu dira, eta luzapen denbora bigarren gola egin dute kroaziarrek (2-1).