Euskadiko Filmategiaren artxiboa Tabakaleran gordeko dute
Orain arte Euskal Herrian sakabanatuta egin da Euskadiko Filmategiaren funts filmikoa: Donostian, Irunen eta Oñatin. Laster “aurrerapauso historikoa” emango du erakundeak, artxibo bateratua izatea lortuko duelako. Tabakalerako 0 solairuan eraikitako 845 metro koadroko gunea okupatuko du.
35 mm-ko 5.000 kopia inguru eta beste hainbat euskarritan dauden beste 5.500 kopia inguru eramango ditu artxibo berrira. Gainera, Euskadiko Filmategiaren funts bibliografikoak ikertzaileentzat eskuragarri izango dira Tabakalerako egoitzan.
Artxiboa bateratzeko behar den guztia egiteko lehiaketa bat jarri dute abian: beharrezkoak diren ekipamendu guztien eta altzarien produkziorako, horniketarako, instalaziorako eta abian jartzeko baldintza ekonomiko-administratibo eta teknikoak. Datozen egunetan argitaratuko da iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.