Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak euskalgintzari buruzko jardunaldiak egin ditu, San Telmo Museoan. Etorkizunerako erronkak zehaztu dituzte hainbat eragilek eta norbanakok.
‘Izatetik egitera. Guk, nork bestela’ jardunaldietan hainbat eragile eta norbanakok. (Argazkia: L. Ferreira)
Bagera elkarteak antolatuta, euskalgintzaren inguruko jardunaldiak egin zituzten asteburuan, San Telmo Museoan. Bertan izan ziren arlo horretako zenbait eragile eta norbanako, gaiari buruzko erronka berriak zehazteko asmoz.
Jardunaldiak Joseba Alvarez eta Lander Arbelaitzen hitzaldiekin ireki zituzten. Ondoren, entzundakoak kontuan hartuta, bildutakoak talde txikietan aritu ziren lanean, eta euskalgintzari dagokionez erronka bat zehazteko eskatu zioten bakoitzari.
Hasieran, euskalgintza zer den edo nortzuk dauden bertan erantzuten saiatu ziren. Batzuen arabera, euskara sustatzen dutenak dira euskalgintzaren oinarri, baina zentzu zabalean ulertuta: «Alde batetik izan daitezke euskalgintzara mugatutako taldeak; esaterako, Bagera elkartea. Eta, bestetik, izan daitezke beste mugimendu batzuk, euskara ez dutenak helburu bakar bezala, baina euren proiektuaren parte dena; adibidez, Donostiako Piratak. Hau da, euskara bakarrik izan gabe, piratek lortu dute euren giroan euskararekiko beste jarrera bat sortzea».
Eraginaraztea
Beste batzuen iritziz, ordea, euskalgintzak ez du horrelakorik lortzen: «Euskalgintza ez da gai jendea erakartzeko, mugimendua sortzeko. Ez du lortzen eraginaraztea, aktibatzea. Naturalki ateratzen den zerbaitetik tira egitea errazagoa da, beste jarduera batzuen bitartez».
Beste talde baten esanetan, euskalgintzaren diskurtsoaren fokoa zabaldu beharra dago: «Erreferente euskaldunak sortzea ezinbestekoa da, eta partikularretik unibertsalera egin daiteke hori».
Beraz, Donostiara modu zabalago batean iristeko ahalduntzea ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten zenbait parte hartzaileek: «Aktiboak lortzen baditugu, indarra ematen badiogu mugimenduari, orain arteko jarrera negatibo horri buelta emango diogu. Sinestu behar dugu ahal dugula».
Hori lortzeko, garrantzitsua iruditu zitzaion zaio beste talde bati komunikazioa eraginkorra izatea: «Auzoen artean komunikazioa badago, bakoitzak egiten dituen gauzen berri izan dezakegu, eta horiek beste auzoetan erabili. Eta atera daitezke ekitaldi bateratuak, nork daki!». Ideia horiek guztiak bateratzeko, beste partaide batek proposatu zuen Donostiako euskalgintza eta euskalzaleak batuko dituen egun bat finkatzea urtero, eta nolabaiteko topagune bat egitea.
Talde txikietan aritu ondoren, talde handian jarri zituen bakoitzak bere ideiak amankomunean, aurretik aipatutako erronka bat proposatzeko xedez.
Batzuen iritziz, erronka nagusia euskalgintzaren munduan pertsona aktibo gehiago lortzea da: «Egiten ditugun jarduerak baliatu ditzakegu hori lortzeko, baina horien helburua izan behar du hizkuntzaren erabilera sustatzea. Euskalgintzak eraginarazi behar du».
Horrekin lotuta, beste batzuek diote kontzientzia ezinbestekoa dela: «Euskalgintzak ez du asetzen euskalduntze prozesuak beharko lukeena. Hortaz, ahalmentze eta jabetze bat beharrezkoa da; erronka hortik dator».
Hirugarren talde baten arabera, hiru dira egin beharrekoak: pertsonak identifikatu, konpromisoak eskatu eta horretan lagundu. «Euskaraz bizi, konszienteak eta aktiboak diren horiek detektatuko genituzke. Jarraian, eskaini eta adostu beteko luketen konpromisoren bat. Eta, azkenik, horiek lortzeko baliabideak ematea: adibidez, formakuntza edo informazioa».
Hain zuzen ere, jendeari erronkak jarriz gero, eta beraiek esperientziak bizitza, pauso baikorrak eman daitezkeela uste dute batzuk: «Jabetu ondoren dator ahalduntzea, baina onena da norberak euskalgintzaren esperientzia bizitzea».
Talde txikietan proposatu ziren ideia horiek guztiak kontuan hartuko ditu Bagerak, eta abian jartzen saiatuko da.