Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketak bi sail izango ditu aurten, profesionalena eta amateurrena
Euskaraz bizi nahi horixe izango da film laburrek islatu beharko dutena: motibazioak, oztopoak, pozak, etsipenak, konplizitateak… “Azken finean euskaraz bizi nahi dugunean izaten ditugun sentipenak dira, eta hizkuntza zinematografikoaren bidez, era bizi eta freskoagoan kontatzen lagunduko diguten laburrak nahi ditugu” adierazi du Kontseiluko ordezkariak.
Zinemaldiko zuzendariak bestalde, eremu guztietan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko honelako egitasmoen garrantzia azpimarratu du, kasu honetan bereziki zinema munduan; “Gero eta film gehiago egiten dira euskaraz eta gero eta ikusle gehiagok ikusten du zinema euskaraz. Dinamika hau sustatzen jarraitu behar dugu. Izan ere, pauso txikia da, baina oso garrantzitsua film laburren ekoizpena, eta batez ere euskarazko film laburren ekoizpena areagotzeko”, adierazi du Rebordinosek.
Profesionalak eta amateurrak
Aurten bi sailetan banatu dute lehiaketa: profesionalen saila eta amateurren saila. Parte hartzaile bakoitzak aukeratuko du bere lana zein sailetara aurkeztu, baina betiere, lanek aurrez erakutsi gabeak izan behako dute. Bi sail egitearen proposamena parte hartzaileen aldetik etorri zela adierazi dute antolatzaileek, eta aberasgarria izango dela uste dute. Rebordinosen arabera, “ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten duen profesional asko dago euskaraz ekoizten duena, eta amateurren lanari pisurik kendu gabe, profesional hauek ekarpen handiak egin ditzaketela uste dugu”.
Epaimahaia zinema munduko ordezkariek, Zinemaldiko ordezkari batek eta Kontseiluko beste batek osatuko dute, eta hamar film labur onenak Zinemaldian eskainiko dituzte.
Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez, aurten sariak hobetzeko ahalegin berezia egin dute. Hala sail bakoitzeko hiru lan onenak sarituko dituzte.
Film labur profesinal onenak 2.000 euro (Berria) jasoko ditu; bigarrenak 1.000 euro (Zineuskadi); eta hirugarrenak, 500 euro (Hamaika Telebista)
Amateur saileko lanik onenak, berriz, 1.000 euro (Kontseilua) jasoko ditu; bigarrenak 500 euro (Argia); eta hirugarrenak, 250 euro (Central eskola).
Laburren iraupena, formatuak eta lehiaketari buruzko gainerako informazio guztia Euskarazbizinahidut.org webgunean eskura daiteke.
Lanak aurkezteko epea irailaren 8an amaituko da.
Donostia Zinemaldiak eta Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur, Koldo Mitxelena Kulturunean. Aurkezpenean Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao, eta Zinemaldiko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos izan dira.
Paul Bilbaok film laburren lehiaketa azken urteotan Kontseilua sustatzen ari den Euskaraz bizi nahi dut dinamika orokorraren baitan kokatu du; “Lehiaketaren helburua euskaraz bizi nahi dut ideia ahalik eta gehien hedatzea da, horrela, kasu honetan hizkuntza zinematografikoa erabiliz, gero eta norbanako gehiagok ideia hori bere egin dezaten, gero eta jende gehiagok euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, dakitenek hitz eginez eta ez dakitenek ikasiz”.