Larunbatean amaituko da Donosti Cup, beste urte batez mugak gainditu eta gero. Hainbat talde etorri dira atzerritik eta, partidak ez ezik, elkartasun keinuak ere izan dira.
Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neska taldeari eta Mozambikeko bi umezurtz etxeetako mutilei egindako harrera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Urtero bezala,
baliabiderik gabeko bi futbol talderi harrera egin die udaletxeak, Donosti Cup txapelketaren harira. Hain zuzen ere, urtero giza alderdia lantzen du
Donosti Cupek, eta aurten ere baliabiderik gabeko bi talde gonbidatu ditu
Donosti Cup in the world programaren bidez:
Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neska talde bat eta
Mozambikeko bi umezurtz etxeetako mutil talde bat. Honela gauzak, udaletxean hamaiketako oparoarekin egin zien ongi etorria
Eneko Goia alkateak asteazkenean, eta kirolariek opariak jaso zituzten udal alderdi guztietako ordezkarien eskutik.
Bertan izan ziren EAJko Martin Ibabe, Jon Insausti eta Pilar Arana; Irabazi Donostiako Amaia Martin; EH Bilduko Ricardo Burutaran, Olaia Duarte eta Josu Ruiz; PSE-EEko Duñike Agirrezabalaga; eta PPko Miren Albistur eta Jose Luis Arrue. Haurrak Donosti Cupeko zuzendari Iñigo Olaizola eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariekin izan ziren udaletxean.
Mozambikeko haur taldearen kapitain eta herrialdeko selekzioko jokalari ohi
Tico Ticok eskerrak eman zizkien Donosti Cupeko antolatzaileei, hirira etortzeko aukera eskaintzeagatik: «Futbola oso garrantzitsua da Mozambiken, herrialdetik atera eta ateak irekitzen dizkielako baliabiderik ez dituzten haurrei. Ni ere futbolari esker ibili naiz munduan, baina sekula horrelako lehiaketa ederrik ikusi gabea nintzen». Mozambikeko taldea pozez zegoen, azken partida irabazi zutelako.
Mundua ezagutzeko
Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neskak ere Palestinatik lehen aldiz atera direla nabarmendu zuen
Jesus Artetxe GKEko boluntarioak: «Neska horiek ez dute aukerarik errefuxiatu kanpamenduan, eta, futbolari esker, bizi duten errealitate gogorretik atera eta mundua ezagutu dezakete; hori bakarrik ez, izan ere, askotan emakumeentzat debekatua egoten den kirol jarduera honekin goza dezakete».
Artetxek nabarmendu zuen lehen aldia dela horrelako lehiaketan parte hartzen dutela, eta lehen gola sartuta helburua bete dutela adierazi zuen pozik.