Herritarrak ere Konstituzio plazako balkoian
San Sebastian eguneko ekitaldiak bertatik ikusteko plazak zozkatuko ditu udalak
Donostiako Udalak aurreneko aldiz urtarrilaren 19an eta 20ean, danborradaren ekitaldian, bai banderaren igoeran eta jaitsieran Konstituzio plazako balkoian egoteko aukera zabalduko die herritar guztiei. Egun bakoitzeko 33 plaza zozkatuko dira, eta pertsona bakoitzak beste lagun bat eraman ahal izango du; hau da, urtarrilaren 19ko ekitaldian 33 plaza zozkatuko dira, eta urtarrilaren 20ko ekitaldian, beste 33 plaza.
Izena emateko baldintzak
Datorren astehelenetik, urtarrilaren 7a, ostiralera, urtarrilak 11ra, dago izena emateko epea. Hiru aukera daude izena emateko; Udalinfora gerturatuz; Donostia.org webguneko herritarren postontzian izena emanez, edo 010 telefonoaren bidez. Donostian erroldatua egon beharra dago zozketan parte hartu ahal izateko, eta 18 urtetik gorakoa izan urtarrilaren 19rako. Izena emateko garaian ezin izango da arriada edo izada aukeratu. Zozketan bermatu egingo da adin tarte ezberdinetako herritarrak egotea, eta gizonezko eta emakumezko kopuru bera egotea, generoa aintzat hartuz. Horretarako, izena eman dutenen artean adinaren araberako hiru talde osatuko dira: 18 eta 35 urte bitartekoa; 36 eta 65 urte bitartekoa, eta 66tik gorakoa. Orotara sei zerrenda osatuko dira, hiru adin tartearen arabera, bider bi generoa kontuan izanda.
Zozketa, urtarrilaren 14an
Zozketa urtarrilaren 14ean egingo da, eta egun horretatik aurrera telefonoz jakinaraziko zaie irabazleei banderaren igoeran edo jaitsieran egotea egokitu zaien. Zozketa Herritarren Partaidetza, Udalinfo, eta Idazkaritza Orokorra sailen artean egingo da. Irabazleek aukera izango dute bakarrik edo beste pertsona batekin etortzeko.
Axier Jaka Partaidetzako zinegotziak adierazi du ekimen honen helburua dela herritarren eskuetan jartzea orain arte bakar batzuen eskuetan egon den pribilejioa: “San Sebastian eguna, sentsibilitate ezberdinetako donostiar guztiak batzen gaituen festa da, poza eta jai giroa dira protagonistak, eta udal eraikin horretatik jaiaz gozatzeko aukera berezia den heinean, bertan herritarren presentzia ahalbidetzea erabaki du udal gobernuak”.