Idazleak eta musikariak batuko dira Viktoria Eugenian
Poesia Orduak ekimenak bi saio berezi jasoko ditu; sarrera doakoa izango da
Poesia Orduak izeneko ekimenak Viktoria Eugeniako Club aretoa hartuko du bi saio berezirekin, irailaren 3an eta 4an, 20:00etan. Euskal Jaien barruko ekimena da, eta Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariaren esanetan, «euskal literatur berritzaileena publiko zabalaren aurrean aurkezteko» antolatzen dute. Paradisua eta katuak eta Ez zaitut abandonatuko izango dira aurtengo bi saioak. Bi saioek poesia eta musika uztartuko dituzte; lehena, Bernardo Atxaga idazleak eta Jabier Muguruza musikariak egingo dute, eta bigarrena, Bide Ertzean Triok eta Jon Benito idazleak.
Paradisua eta katuak saioa zuzenean grabatuko dute, izan ere, Pamiela argitaletxeak Durangoko azokan salgai jarriko duen liburu eta CD berezia osatzeko erabiliko dute. «Paradisuari buruzko hainbat ikuspegi idatzi ditu Atxagak eta ni horiek musikarekin egokitzen saiatu naiz», azaldu zuen Muguruzak. Hala, testuek bi osagai dituzte Muguruzaren hitzetan, gogoeta eta umorea. Ez zaitut abandonatuko, berriz, maite eta miresten dituzten poetei aitortza egiteko erabiltzen dutela azaldu zuen Imanol Ubedak.
Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik gonbidapenak hartu beharko dira, Viktoria Eugeniako leihatilan.