Ipuin baten bidez ezagutu dituzte Euskal Herriko kontuak eta kantuak, Larrotxene kultur etxean
Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxean haurrak margotzen aritu dira, ipuin musikatu bat entzuten zuten bitartean.
Xabi Strubell eta Eneko Garaialdek sortutako Lur Gorrian barrena ipuina oinarrian duen tailerrean gustura egon dira haurrak. Ordubete eskas iraun duen ikuskizunean, Euskal Herriko kontuak eta kantuak errepasatu dituzte. Eneko Garaialde aritu da narratzaile lanetan; txantxangorria, kattagorria eta beste hainbat animaliaren larruan sartu, eta Euskal Herriko hainbat txokotako istorioak kontatu dizkie haurrei. Kontaketa lan horretan, Xabi Strubellek euskal kantagintza tradizionaleko hamar kanta abestu ditu bere gitarraz lagundurik.
Tarteka adi-adi geratzen baziren ere, kontuak eta kantuak entzun bitarten, ipuin bereko hainbat pasarte margotzen aritu dira Intxaurrondoko kultur etxean bildutako haurrak.
Hirugarren aldia da Maluta argitaletxeak tailer hau antolatzen duena, eta Amaia Etxepeteleku, arduradunaren esanetan, “aurrerago ere izango dira gehiago, haurrei asko gustatzen baitzaie. Tailer berezia da, kantatu, hainbat kondaira entzun eta margotzeko aukera dutelako umeek”.