Jagoba Codo amaratarra askatzeko eskatu dute Easo plazan
Sareko kideek.
Castellora urrundu izana gogor salatu dute, Martutenen egotetik 482 kilometrora eraman baitute. Familiak eta lagunek 964 kilometro egin behar dituzte errepidean, joan-etorrian, senidea bisitatzeko; 13 orduko bidaia, alegia. “Deigarria da momentu honetan sakabanatu izana. Deigarria da lau urtez Martutenen izan eta gero, gaixo larrien zerrendan sartu eta hilabete baino gutxiago bete denean urrundu izana. Ahatik, gaixotasunak sintomatologia nabarmenenak aurkezten dituen momentuan”, adierazi dute.
Gizartea konponbideaz hitz egiten ari den garaian giza eskubideak urratzea “ulertezina” dela berretsi dute: “Sufrimendu eta mendeku estrategia batek bultzatutako neurri gisa besterik ezin dugu ulertu”.
Sarek batzar ireki batera deitu ditu herritarrak, ekainaren 20rako, Codoren egoera azaldu eta aurrerantzean egingo dituzten protestak elkarrekin erabakitzeko. Bilera 11:30ean izango da, Arroka kaleko 2. zenbakiko egoitzan.
Jagoba Codo preso amaratarrak Espondilitis Ankilosante izenarekin ezagutzen den patologia erreumatikoa du. Gaixotasun kronikoa eta larria denez, legea aplikatuz gero, kalean egon beharko luke. Hala izan ordez, Martuteneko espetxean azken lau urteak eman ondoren, Castelloko espetxera urrundu berri dute. Codok 51 urte ditu, eta 14 urte eman ditu dagoeneko kartzelan.
Amaratarraren egoera salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Easo plazan. Codo libre uzteko eskatu dute bertaratutakoek –presoaren amak eta izebak, tartean–, baita gaixo dauden beste 12 presoen askatasuna aldarrikatu ere. “Jagobak pairatzen duen gaixotasunak heriotza eragingo ez badio ere, gaixotasun larri bat da, sendaezina, baina tratamendu egoki batekin gaixotasuna azkartzea ekidin daiteke. Beraz, espetxean tratamendu eta zaintza egokirik jaso ezin duenez, horiek gabe igarotzen duen egun bakoitzak atzera bueltarik gabeko ondorioak sortuko dizkio”, azaldu dute agerraldiaren deitzaile