Sarek, sakabanaketaren aurkako dinamikak, presoen senideek astebururo egiten dituzten kilometroak irudikatuko ditu bihar Nautikoan. Herritarrei egin die dei, jardueran parte har dezaten.
Sareko kideak, aste honetan egindako bilera batean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Sarek azaroan ekin zion bideari Donostian, Zuloaga plazan egindako aurkezpen publikoarekin. Aste batzuk lehenago, Euskal Herri mailako mugimenduak agerraldia egin zuen Koldo Mitxelenan, presoen sakabanaketaren aurkako dinamikaren berri emateko.
Orduz geroztik, Donostiako taldea urratsak ematen ari da sarekideak lortzeko eta dinamika berari forma emateko. Bide horretan, jarduera berezi bat egingo dute bihar, 11:00etatik 14:00ak bitartean, Nautikoan. Donostiako presoen senideek astebururo errepidean egiten dituzten kilometroak irudikatuko dituzte oinez, bizikletaz eta arraunean.
Mugimendu anitza izan nahi du Sarek. Ideologia desberdineko jendea elkartu nahi du sakabanaketari amaiera jartzeko. «Batzuk esango dute presoek espetxean egon behar dutela, beste batzuek ezetz, baina gizartearen gehiengoak onartzen du sakabanaketarekin amaitu behar dela. Sare helburu horrekin ari da lanean», azaldu du Sareko kide Maddi Mochalesek. «Giza eskubideei buruz ari gara. Bake eszenatoki bat nahi badugu, giza eskubide guztiak errespetatzea denoi dagokigu», zehaztu du.
Idoia Ibero Sareko kide ere bada, eta orain arte norbanakoengana jo dutela adierazi du, Dispertsioaren Liburuxka banatzeko eta aldarrikapena herritarren artean gizarteratzeko. Dinamikaren izenak dioen moduan, sare bat josi nahi dute norbanakoetatik hasita, bakoitzak beste bati aldarrikapenaren berri emateko, eta beste horrek beste bati zabaltzeko. Etenik gabeko kate bat eraiki nahi dute horrela.
500 sarekide egin dituzte orain arte, eta udal taldeekin ere hitz egin dute. «PPk ez zigun erantzun, baina beste guztiek onartu zuten gonbidapena. Jarrera ona erakutsi zuten», ekarri du gogora Idoia Iberok. «Azaroko aurkezpena eta gero, gure lana taldea egonkortzea izan da. Sakabanaketaren aurka urtarrilerako deitutako manifestazioari begira egon ginen, baina, aldi berean, sarekideak biltzen aritu ginen», esplikatu du.
Mireia Mochalesek, Sareko beste kideetako batek, aurrerantzean egingo duten lanaren berri eman du: «Norbanakoengana joan gara orain arte, baina iruditzen zaigu bakoitzak errazago duela bere eremu naturalean mezua zabaltzea. Hori dela eta, arloz arlo banatuko dugu lana. Kultura, kirola, euskara, unibertsitatea… halako arloek garrantzi handia dute Donostian. Horrenbestez, arloka lantzea pentsatu dugu».
Hori bai, dena egiteko dagoen neurrian, oraindik «esperimentatzen» ari direla onartu dute. «Hiri zabala eta irekia da Donostia, baina horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Bidea ez dago egina; jende guztiarengana iristea zaila da, beraz», zehaztu du Maddi Mochalesek.
Momentuz, saiakera desberdinak egin dituztela azaldu dute, eta lanketa batzuekin pozik daude. «Egian, esaterako, bost lagun elkartu genituen, adin desberdineko bost kuadrilletatik. Eurei azaldu genien zer den Sare eta zein den helburua, gero eurek beraien eremuan mezua bidera zezaten», azaldu du Idoia Iberok. «Hala ere, ez gatoz herritarrei zeregin bat ematera. Bakoitzak zein ekarpen egin dezakeen proposatzea da helburua», aipatu du Maddi Mochalesek.
Hitzaldiak ere egin dituzte; Groseko Garoa liburu dendan, adibidez, sakabanaketa emakumeen ikuspuntutik jorratu zuten, arrakasta handiarekin.
Une honetan, egoitza bat irekitzeko asmoa dute, Amarako Arroka kalean. Maiatzean zabaltzea da euren asmoa. Kalean egingo dute lan, baina egoitzarekin sarekide berriak egiteko erronkari bultzada ematea espero dute. «Egoitza bat irekitzea Euskal Herri mailako Sareren ideia izan zen, kontutan izanda hiriburu bat dela Donostia, eta hemen preso kopuru handia dagoela. Topagune bat izatea nahi dugu, erreferentzi puntu bat», erantsi du Maddi Mochalesek.
«Esfortzua» erakusteko
Larunbateko jarduerari dagokionez, arraunean eta txirrindan aritzeko ergometroak ipiniko dituzte Nautikoaren terrazan, eta oinez egiteko zirkuito bat egokituko dute Kontxa aldean. Herritar bakoitzak nahi dituen kilometroak egin ahalko ditu, eta gero mapa batean irudikatuko du kartzelerako bidean egindako distantzia.
Bestalde, Sarekide egiteko aukera izango da larunbateko jardueran, bost euroren truke, fitxa bat bete eta gero. Era berean, Dispertsioaren Liburuxkak banatuko dituzte.
Sareko kideek herritarrei egin diete dei, jardueran parte har dezaten: «Senideek astebururo egiten duten esfortzua erakutsi nahi dugu modu sinbolikoan».
Bertaratutakoek ezingo dituzte osatu sakabanaketaren ondorioz senideek egiten dituzten kilometro guztiak. Izan ere, datuak gordinak dira: Sakabanaketaren kontura, Donostiari dagokionez, familia bakoitzak etxetik 635 kilometrora du senide presoa, batez beste. Hamabi ordu pasatzen dituzte errepidean astero, bisiten joan-etorria egiteko.
Egun, 66 donostiar daude sakabanatuta –65 preso eta konfinatu bat–. Guztira, senideek eta lagunek egiten dituzten kilometroak zenbatuta, munduari bi bira ematen diote astebururo; 80.000 kilometrotik gora. Odoluste ekonomikoa ere nabarmena da; astero 12.000 euroko gastua dute denen artean.
Adur Fernandezen lagun batek istripua izan du
Adur Fernandez preso altzatarraren lagun batek istripua izan zuen apirilaren 4an, Valladolideko espetxetik itzultzen ari zela. Tolosa inguruan gertatu zen istripua. Bihurgune batean, euriaren eraginez, autoaren kontrola galdu eta bueltaka hasi zen erdibitzailearen kontra jo arte. Besoan kolpe bat hartu zuen, baina ez zuen zauri larririk. Autoak kalte handiak jasan zituen. Sakabanaketaren ondorioz aurten izandako lehen istripua izan da honako hau.