Laguntza behar den lekuan
Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko kidea da Naiara Manzanares (Añorga, 1976). Erizaina da, eta munduko hainbat lekutan aritu da lanean, batez ere Hego Amerikan eta Afrikan.
Bokazioa. Horixe da Naiara Manzanares erizainak duena. Txikitatik nahi izan du munduan barrena gehien behar dutenei laguntzen aritu, eta horrexegatik ikasi zuen erizaintza. Garai horitarako ezagutzen zuen Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak egiten zuen lana eta ikasketak bukatu bezain laster egin zituen erakundean sartu ahal izateko azterketak. Ingelesa eta Frantsesa ere ikasi zituen, eta 2007an egin zuen lehen bidaia. Geroztik, Afrika Erdialdeko Errepublikan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Nigerren, Etiopian, Sierra Leonan, Malin, Indian eta Bolivian aritu da lanean. «Osakidetzan egiten dut lan, baina tarteka baimenak eskatu eta hara eta hona ibiltzen naiz», azaldu du Manzanaresek.
Boliviara egin zuen lehen bidaia: «Chagas gaixotasunarekin arazo larriak zituzten eta hara bidali gintuzten». Urte bat pasa zuen bertan Manzanaresek. Hala ere, gogorarazi du Chagas gaixotasunak askoz urte gehiagoz iraun zuela Bolivian. Handik Nigerrera joan zen. «Alde handia dago batetik bestera, Bolivian hizkuntzarekin ez nuen arazorik, eta, gainera, hiri handi batean bizi ginen, nahiz eta gero lana herri txikietan egin».
Nigerreko errealitatea guztiz bestelakoa zela dio. Bertan, 200 oheko ospitale mugikor txiki batean aritu zen lanean, bost urtetik beherako haurrekin: «Gehienak elikadura arazo larriekin etortzen ziren». Azaldu du 2006an piztu zela alarma Nigerren elikadura arazo larriengatik eta, horregatik, proiektu bat abiarazi zuela Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak.
Han lan egitea polita eta interesgarria bezain gogorra dela dio Manzanaresek: «Harrigarria da haur hauek ospitalera zein gaizki iristen diren eta zein azkar errekuperatzen diren ikustea». Gaineratu du erredurak zirela Nigerreko beste arazoetako bat: «Sua pizten dute lurrean eta haur asko erortzen dira gainera».
Gogorra egiten zaio Añorgako erizainari hemen hain erraz konponduko liratekeen arazoak han hain egoera larriak sortzen dituztela ikusteak. Bederatzi hilabete egin zituen han eta lanez gainezka ibili zirela aitortu du: «Gu geunden lekutik gertuen zegoen ospitalea kotxez 10 ordura zegoen, hango jendearentzat ezinezkoa zen iristea, eta, beraz, jende asko artatu behar izaten genuen». 2012an bueltatu zen berriro Nigerrera, orduko hartan kolera gaitzagatik.
Beldurrik ez
Etiopian ere ibili da Manzanares. «Han krisi handi bat egon zen; Somaliako jendea Etiopiara etorri zen gatazkatik ihesi eta kalean jendea hilik agertzen hasi zen». Azaldu du han ere jende asko zegoela oso larri, elikadura arazoak tarteko, eta errefuxiatuen kanpamenduak jarri zituztela: hasieran hiru eta gero bost. «Agintariek esaten zutena baino askoz jende gehiago zegoen kanpamenduetan, eta horrek arazoak sortzen zituen». Segurtasun aldetik ere arazoak zituztela azaldu du Manzanaresek: «Zuriak ginenoi, adibidez, hiriburuan egoten uzten ziguten baina ospitalea zegoen lekura joateak arrisku handia suposatzen zuen». Hori dela eta, segurtasun arazoengatik, azaldu du oinarrizkoa den talde bat bakarrik geratzen dela kanpamentutan eta besteek alde egin behar izaten dutela: «Ni bertan geratu nintzen».
Segurtasunaren kontuarekin kezkatuta dago Manzanares, izan ere, lehen laguntzera joaten ziren erakundeek «immunitatea» zutela dio, baina orain ez: «Lehen gerra testuinguruetan bi aldeek errespetatzen gintuzten baina hori orain aldatzen ari da». Horrek beldurra eragin beharko liokeela uste duen arren, ez du hala sentitze: «Oroitzen naiz Afrikara iritsi nintzen lehen aldian hegazkinetik jaitsi eta auto bat hartu behar nuela kanpamendura joateko. Segurtasunekoek ez zidaten irteten usten kanpoan tiroka ari zirelako, une horretan bakarrik nire laguntza beharrezkoa zela pentsatzen nuen», azaldu du. Hala ere, aitortzen du «txalekoak inmunitaterik ematen ez duen garai hauetan» beldur gehiago duela.
Ezin du ulertu zergatik jadanik ospitaleak ere ez dauden salbu:?«Kalte handia sortu du horrek. Izan ere, gerra testuinguruetan jende zibil asko etortzen da eliza, aireportu eta ospitale inguruetara badakitelako horiek ez dituztela bonbardatuko».
Aberasgarria eta gogorra
Momentu gozoak zein garratzak bizi izan ditu Manzanaresek etxetik urrun. Bere oroitzapen kuttunen artean dago duela urte eta erdi gertatutako bat: «Ospitalean ezagutu nuen paziente bat nirekin jarri zen harremanetan Facebook bidez. Familia osoa galdu zuen, eta nik ezagutu nuenean lur jota zegoen, hil nahi zuela esaten zuen. Guk asko animatu genuen aurrera egin zezan; 23 urte zituen eta bi seme alaba. Esan zidan oso ondo zegoela, eta bizia ondo zihoakiola». Ez da halako zerbait gertatu zaion lehen aldia: «Afrika Erdialdeko Errepublikara itzuli nintzen batean gizonezko batek gelditu ninduen kalean, gurpildun aulkian zegoen, eta esan zidan nire pazientea izan zela. Eskerrak eman zizkidan».
Une horiek indartu eta aberastu egiten zaituztela uste du Manzanaresek, baina ezin du ukatu une gogorrak ere bizi izan dituela: «Haur bat hiltzen zaizun bakoitzean sentitzen dena ezinda deskribatu». Gaineratu du inpotentzia handia sentitzen dela hemen hain erraz konponduko liratekeen gaixotasunek han heriotza eragin dezaketela ikustean. Hala ere, pozik dago bere erizain ibilbidean hartutako erabakiekin eta medikuntza munduko oro animatu nahi du halako esperientziak bizitzera: «Asko ikasten da eta errealitate ugari ulertzeko aukera ematen du».