"Lasterketa bereziena izaten da niretzat"
Behobia-Donostian parte hartu zuen donostiarrak duela sei urte, futbolean ari zela; orduz geroztik, sekulako lorpenak erdietsi ditu, inguruko hainbat lasterketa irabazita. Iaz lehen gipuzkoarra izan zen, hamargarren postuan bukatu eta gero.
Ander Sagarzazu, korrikalaria
Erronka berriak gogoko ditu Ander Sagarzazuk (Bidebieta, 1988). Urtez urte entrenamendu bereziak eginez, bere markak hobetzea lortu du. Aurten, ordubete eta 4 minututan egin nahi du Behobia-Donostia, eguraldiak laguntzen badu. Nolatan erabaki zenuen duela sei urte Behobia-Donostian parte hartzea? Futbolean urte asko neramatzan, eta orduko sasoiari etekina ateratzeko lasterketaren bat egitea pentsatu nuen. Maiatzean maratoi erdia egin nuen, eta, azaroan, Behobia. Lehen urte hartan ordubete eta 19 minutuko denbora egin nuen Behobian, eta futbolean jokatzen denbora hori egiteak motibatu egin ninduen. Giroa ere gustatu zitzaidan, eta erabakia hartu nuen futbola utzi eta korrika egiten hasteko. Nolakoa izan da zure bilakaera hori? Urtez urte helburu txikiak jarri dizkiot nire buruari. Hasieran, anaia triatloian ibiltzen zenez, bera izan zen nire entrenatzailea. Denborak hobetzen saiatu nintzen, eta lesioekin zorte ona izan dut, egia esan. Ez dut lesio larririk izan eta urtez urte hobetzen joan naiz. Nola antolatzen zara entrenatzeko? Egunero entrenatzen dut, eta astean 120 kilometro inguru egiten ditut. Entrenamenduak izaten dira intentsitate desberdinekoak. Intentsitate handikoak serieak izaten dira, eta Anoetako estadio txikian egiten ditut, astean bitan. Gero, beste egun batzuetan izaten dira erritmo aldaketak; lasterketa jarraiak, erritmo aldaketak sartuz. Beste batzuetan, lasterketa saio luzeak egin ditut, aldapetan korrika egin, gimnasioko lana… pixka bat denetatik. Orain entrenatzaileren bat duzu? Lehenengo bi urteetan nire anaiarekin aritu nintzen. Gero plangintzak egiten ikasi nuen, eta nire kabuz aritu nintzen, beste entrenatzaile batekin. Orain, Asier Cuevas da nire entrenatzailea, eta oso gustura nabil berarekin. Zein lasterketetan parte hartzen duzu? Udazkenean normalean;irailean, Josetxo Imazen omenezko lasterketan parte hartzen dut, gero, Donostiako 15 kilometrokoa eta Behobia-Donostia; eta San Silvestrean ere parte hartzen dut normalean. Ondoren, kros denboraldia izaten da, urtarriletik martxora. Kros denboraldia bukatzean, asfaltoan 10 kilometrokoren bat egiten dut, marka egiteko. Maratoi erdiren bat ere egiten dut, maiatza erdialdean. Azkenean, lehenengo Behobiarako prestatzen naiz, gero, krosetarako, eta azkenik, maratoi erdirako. Baduzu bereziki gogoko duzun lasterketaren bat? Lasterketa bereziena Behobia izaten da niretzat. Azkenean, gipuzkoar guztientzat bezala, niretzat ere Behobia berezia da. Gainera, nire etxe ondotik pasatzen da, eta jende ezagun asko dago ezagutzen nauena. Zirkuitu osoa ezagutzen dut, eta jende ezagun asko egoten da ikusten. Sortzen den giroa da bereziki gogoko dudana. Lehen urte hartatik zure marka jaitsiz joan zara. Aurten zein erronka jarri diozu zure buruari? Bai, hori da. Lehenengo urtean, 1:19 egin nuen; hurrengo urtean, korrika egiteari eskeini nion nire denbora, 1:12 egin nuen, eta hirugarrena izan nintzen promesa mailan; gero, 1:11; 1:08; 1:09; eta, iaz, 1:06. Aurten, azken lehiak ikusita, eta egin ditudan entrenamenduekin, 1:04 inguruan ibili naitekeela uste dut; baina ea zein eguraldi egiten duen, horrek ere zerikusia baitu. Hego haizea badugu edo hezetasun handiko eguraldia, markak egiteko asko zailtzen du. Egokiena eguraldi freskoa izaten da, 10-12 gradu inguruan, eta haize gutxi. Iaz, esaterako, sekulako giro ona izan genuen korrika egiteko, eta marka egiteko aproposa. Iazko eguraldi berdinarekin uste dut marka jaistea lortuko dudala, baina ikusiko dugu. Iaz, gainera, lehen gipuzkoarra izan zinen. Hori da, eta aurten ere gustatuko litzaidake hori errepikatzea. Lehenengo hamarren artean ere sartzea lortu nuen, eta ea aurten ere hala den. Hainbeste jendek parte hartzen duen lasterketa batean zailtasunak egoten dira markak jartzeko? Bueno, nire kasuan, ni lehenengo txandan ateratzen naiz, beraz, ez dut arazorik izaten. Badago lehenengo aldiz ateratzen dena eta jende asko aurreratu behar izaten duena, beste maila bat duelako. Nik lehen urtean, Behobia egin aurretik maratoi erdia egin nuenez, dortsal berdea eman zidaten, eta nahiko aurrean atera nintzen. Nire mailako talde bat hartzeko aukera izan nuen, eta ez nuen arazorik izan. Hurrengo urtetik aurrera, dortsal horiarekin ibili naizenez, beti lehenengo postuetan atera naiz. Lasterketaren jatorrizko ibilbidea berreskuratu zuten. Gogoko duzu? Nik aurreko ibilbidea gogokoago nuen; Trintxerpetik igarotzen zen, nire amona hangoa da, nire gurasoak ere bai… eta Lezoko gorabeherak gogoko nituen. Egia da ibilbide berriarekin Errenteriako zatian jende asko egoten dela ikusten, eta alde horretatik irabazi du. Edonola, nire etxe inguruko Herrera-Bidebieta zati hori, Mirakruzeko igoera hori guztia, niretzako oso berezia da; nire familia eta lagun guztiak hor egoten dira. Gero, Grosetik Bulebarrerako zati horretan, izugarri jende pila egoten da ikusten eta oso polita izaten da. Aurten jada irabazi duzu lasterketaren bat, gainera. Bai, Donostiako 15 kilometrokoa irabazi nuen, eta duela bi asteburu Eibarrera joan nintzen. Asierrek, entrenatzaileak, esan zidan hara joateko, lasai, Behobia zetorrelako, eta irabazi egin nuen han ere. Garaipen horiek indarra emango zizuten aurrera begira, ezta? Bai, sasoiko nago. 15 kilometrokoa irabazi, eta Josetxo Imazen omenezko 10 kilometroko lasterketan marka hautsi nuen, 30 minutu eta 39 segundoko denborarekin. Bi lorpen horiek konfiantza ematen didate Behobia-Donostia lasterketarako. Behobiari begira prestaketa bereziren bat egiten duzu? 20 kilometroko lasterketa bat denez, prestaketan kilometro gehiago sartzen ditugu. Kroserako, esaterako, kilometro aldetik asteko bolumenak antzekoak izaten dira, eta prestaketa ez dugu gehiegi aldatzen. Pixka bat denetik egiten dugu. Nabaritzen duzu Behobia gerturatzen denean jende gehiago aritzen dela entrenatzen? Bai, izugarri! Kalera atera eta jende pila bat ikusten duzu korrika egiten. Urtarrila eta otsaila inguruan, hotza eta euriarekin, oso gutxi geratzen gara. Zein gomendio emango zenieke partaide hasiberriei? Lasai hartzeko. 20 kilometroko lasterketa bat da, luzea da, eta aldapak dauzka eta gorabeheratsua da. Ez da 5 kilometroko lasterketa bat bezala. Lehen kilometroetan neurria har dezatela, bestela gero oso luzea egingo zaie. Eta goza dezatela, oso giro ona egoten baita.