Lehengo pertsonaiak, istorio berriak
Joselontxo, Jaione eta Idoia; edo Jose Ramon Soroiz, Ane Gabarain eta Elena Irureta. Duela 21 urteko pertsonaia berak itzuliko dira euskal telebistara. Bi eta Bat telesaileko protagonistak pantaila txikian izango dira berriz asteazkenean, 22:00etan. Bi eta Bat telesailak hiru denboraldi egin zituen 1991 eta 1993 urte bitartean. Goenkale eta Jaun eta Jabe telesailekin batera arrakasta gehien lortu duen fikziozko saioa da.
Lehengo pertsonaiak ekarriko ditu Bi eta Bat-ek, baina istorio berriekin itzuliko dira. Antigua izango dute bizileku, Amarako Easo plazaren ordez. Krisiak elkartuko ditu berriz ere hiru pertsonaiak eta elkarrekin biziko dira. Karlos Zabalak eta Eneko Olasagastik zuzenduko dute egitasmo berria.