Marrazki biziak sortuz
Ilusionismoa lantzeko ‘Marraz(i)Oak’ tailerra egiten ari dira Artelekun.
Erakusteko lan horretan dihardute Elena Odriozola Groseko ilustratzailea eta Gustavo Puerta Madrilen bizi den irakaslea eta haur eta gazte literatur kritikaria. Elena Odriozola ilustratzailearen hitzetan, «hobeto edo okerrago marraztu, ikaslea pertsonaien adierazkortasuna eta sentimentuak islatzeko gai izan behar du».
Horretarako, hainbat teknika erabiltzen dituzte. Argitasun eta iluntasun efektuak, gainposizioak, behatxuloak edo irudien gain-jartzeak besteak beste.
Baina teknikaz haratago, Marraz(i)Oak tailerraren bidez, haur literatura eta bere ilustrazioak beste ikuspuntu batetik lantzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Izan ere, Gustavo Puertaren esanetan, «haur eta gazte literaturako pertsonaia asko estereotipoz beteak daude, gizarteko hainbat balore igortzeko sortuak dira, eta molde horietatik aldentzeko garaia da. Pertsonaiak biziak izan behar dute, izaera propioa eta askea dutenak, eta ez ilustratzailearen txotxongiloak».
Gainera, haur literaturako pertsonaiak irakurlea harritzeko gai izan behar dute. Misterio edo ilusio horiek sortzeko lanetan dabiltza buru belarri tailerreko hamaika parte hartzaileak. Emakume euskaldunak dira guztiak. Eszenografia, ilustrazioa, diseinua edo irudiarekin lan egiten dutenak dira gehienak eta arkatzak hartuta ia mahaietik burua altxa gabe ari badira ere, oso gustura daude ikasten ari direnarekin.
Amaia Arrazola eta Itziar San Vicente, adibidez, gasteiztarrak dira, baina Bartzelonan eta Madrilen bizi dira hurrenez hurren, eta propio etorri dira Donostiara. Amaia Arrazolaren esanetan, «lantzen ditugun teknika batzuk, itxuraz ez dira oso zailak, baina emaitzak ikaragarriak dira».
Egungo liburu askotan aurkitzen diren pertsonaia lauei aurre eginez, irudi tolesgarriak edo disko birakariak egiten ikasiko dute ikasleek, linterna magikoak, diafanoramak, dioramak, zootropoak edo paperezko antzerkitxoak landuz.
Gustavo Puerta irakaslearen esanetan, «teknika zaharrak dira, baina Wiiaren garai honetan oraindik haur eta gazteak liluratzea lortzen da».
Tailerra bukatzerakoan emakume hauek album ilustratu erakargarri bat egiteko gai izango dira. Zinearen aurretiko teknika zaharrekin egungo gazteria berriaren lilura eta harridura sortzeko gai izango dira, eta literatura ilusioz beteko duten artista bihurtuko dira.
Irudi batek mila hitzek baina gehiago adierazi dezakeela esan ohi da, eta ez da gezurra. Liburu batean, hitzek daramate edukiaren mamia, baina marrazkiek ere pisu handia daukate.
Ilustrazioa da, hain zuzen ere, egun hauetan Artelekun lantzen ari diren gaietako bat. Galtzagorri, Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Artelekurekin batera, Marraz(i)Oak tailerra antolatu du. Ilusionismoa lortzeko zinearen aurretik erabiltzen ziren hainbat teknika erakusten dira ikastaro honen bitartez.
Irudien izaera
Zinea sortu baino lehenago, hainbat objektu optikotan egiten ziren irudien errepikapenaren bitartez lortzen zen mugimendua, hiru dimentsioak eta pertsonaien aldaketa sotilen sentsazioa. Teknika hauek oso zaharrak dira, baina oraindik erabiltzen dira. Galtzagorri elkarteko lehendakari Aitziber Alonso intxaurrondotarra tailerraren koordinatzailea eta ilustratzailea ere bada. Bere esanetan, «aintzinako teknika hauek eskaintzen dituzten aukerak erakutsi nahi dizkiegu ikasleei».