Mila ahots elkartu dira Kantu Jira berezian
Hamar urte bete ditu Kantu Jirak eta kaleak doinuz betez ospatu dute.
Euskaldunon Egunkariaren itxierarekin batera bildu ziren lehenengoz Donostian barrena abesteko. Egun hartan 80 lagun izan ziren. Hilabetero ordea jendea batzen joan zen eta 250 bat lagun elkartu ohi dira orain. Gaur ordea egun berezia da Kantu Jirarentzat, izan ere, hamar urte hauek ospatzeko 1000 lagun inguru elkartu dira.
Donostiako Parte Zaharreko kaleak hainbat kantu eta doinuz alaitu dituzte. Tartean, Konstituzio plazan brindisa egin dute sagardoarekin urteurrena ospatzeko. Ondoren, San Telmo museoan ere kantatu dute.
Anoeta estadioan bazkalduko dute ondoren hainbatek. Joserra Beloki, Kantu Jirako antolatzaileetako batek azaldu duenez, 700 lagun inguruk eman dute bazkaltzeko izena. Egun berezi honetan, Belokiren hitzetan Kantu Jira “neska polita edo mutiko eder bat” bezalakoa da.