Musikagileak zikloak musika garaikidearen sei kontzertu eskainiko ditu Donostian
Musikagileak, Euskal Herriko Konpositoreen Elkarteak, musika garaikidearen XIII. Zirkuitua antolatu du. Orotara, hamabi kontzertu eskainiko dituzte hegoaldeko lau euskal hiriburuetan, eta horietako sei Donostian izango dira. Musikeneko ikasle ohiek idatzitako lanek garrantzi berezia izango duten zirkuitua gaur hasiko da Bilbon.
Musikagileak urriaren 18ko eta 19ko asteburuan iritsiko da Donostiara, Bilbon eskainiko duen zikloaren hasierako kontzertu sinfonikoaren ostean. Larunbat horretan, Alfonso Gomez piano jole arabarrak Ibarrondo, Messiaen, Lazkano, Gerenabarrena eta Erkorekaren obrak joko ditu Donostiako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo den doako kontzertuan. Egun bat geroago, San Telmo Museoak hartuko du zirkuitu hau, Illargium duoaren flauta eta gitarra emanaldiarekin.
Hilabete geroago, azaroaren 19an, Kup Taldeak eskainiko duen abesbatzen kontzertua hartuko du San Telmo Museoak. Gabriel Baltesek zuzentzen duen abesbatzak Musika Bulegoak eta Musika Garaikiderako Nazioarteko Elkarteak antolatutako Amateur Abesbatzentzako Konposizio Lehiaketako bi obra irabazle interpretatuko ditu.
Era berean, hilaren 22an, azken Musika Hamabostaldian parte hartu zuen Quartetto Maurice talde italiarra Donostiara itzuliko da, Loquela Codex berrestreinatzeko: Egemen Kurt gazteak Pablo Sorozabal Hari Kuartetoen Konposizio Lehiaketa irabazi zuen partitura, alegia.
Abenduaren 17an Bertrand Chavarria gitarra jole eta konpositorearen txanda izango da San Telmon, eta musika konposizioa eta sorkuntza artistikoa uztartuko ditu. Horrela, museoaren hainbat obrarekin hitz egingo duen soinu-instalazio bat inauguratuko du. Urtarrilaren 25ean, bestalde, Musikeneko auditoriumean Aurelio Edlerren hitzaldi bat izango da, Taos Duoren entsegu ireki baten aurrekoa, egun bat geroago leku berean joko duena.