Musikaria eta marrazkilaria
Diego Vasalloren musikak eta marrazkiek bat egin dute Arteko galeriako ‘Canciones que no fueron’ erakusketan; artistaren poesia liburuko irudiez gain, Thomas Canetek osatutako bideoa ikus daiteke.
Erakusketa
“Nire bizitzako azken bi urteetan egindako ia lan guztiaren laburpena dela esan daiteke”. Hitz horiekin laburbildu du Diego Vasallok (Donostia, 1966) Canciones que no fueron erakusketaren funtsa. Musikari bezala ezaguna da Vasallo, Duncan Dhu talde esanguratsuan aritzeaz gain, bakarkako ibilbidea ere egina baitu. Hala ere, pinturan eta poesian ere murgilduta ibili da azkenaldian. «Argi nuen poema liburuko marrazkiak erakutsi nahi nituela, eta behin galeriako gunea izanda, nire obrarik oraintsuenaren berri eman nahi nuen. Bereziki musika eta pinturan egiten dudanaren berri emateko».
Arteko Galeriako erakusketa hiru zatitan banatua dago. Batetik, Vasalloren azken sorkuntza plastikoak daude: «Koadro handi eta ertainak dira eta galeriaren horma bat betetzen dute». Bestetik, Huacamano argitaletxeak hainbat egile gipuzkoarrek egindako poesia eta marrazki liburua argitaratu zuen iaz; eta Vasallok liburu horretarako egindako jatorrizko marrazki txikiak daude beste horma batean. Erakusketaren hirugarren zatia, Anatomia de una ruina bideo dokumentala da. Bertan, Thomas Canet argazkilari madrildarrak Vasallo musikaria azaleratzen du, ordubete inguruko ikus-entzunezkoan.
Poesia arloari dagokionean, idazlea baino gehiago irakurlea dela dio. «Ez naiz poeta; idazle motaren bat izatekotan, abesti idazlea naiz, hori betidanik egiten baitut», argitu du. Azken batean, poema liburua definitzerakoan, «margolari koadernoa» definizioa erabiltzen du; «pentsamendu laburrez betetako liburua da». Liburu horretan kaleratutako irudi txikiak erakusketako zati dira, aurrez esan bezala. Horietako askok irudi zaharrak dituzte itsatsita, collage moduan. «Ia beti egunkarietatik eta aldizkarietatik moztutako irudiak erabiltzen ditut. Koadroaren konposiziorako balio didate, ez zait hainbeste interesatzen irudian agertzen dena. Era guztietako argazkiak daude, herritarrak, kaleak, xehetasunak…». Hori bai, irudi guztiak zuri-beltzak dira; «askoz zailagoa iruditzen zait kolorea nire koadroetan sartzea. Nire koadroek monokromiara jotzen baitute». Koadroak osatzeko Vasallok material ugari erabiltzen dituen arren, bereziki, era akrilikoan nahastutako pigmentuak erabiltzen dituela dio.
2011ko abenduan zabaldu zuten Artekon Vasalloren erakusketa eta pozik dago egilea emaitzarekin. «Egia esan, bisita asko izaten ari da erakusketa, eta bizi dugun garairako lan dezente saldu ditugu».
Emanaldi txikiak
Ikusentzunezkoa, erakusketako zatirik desberdinena da, hasteko, ez baita Vasalloren beraren sorkuntza, bere lanaren isla baizik. «Canciones en ruinas diskoaren grabaketan hasi zen Thomas bideorako irudiak grabatzen, Menorcan. Ordutik ia bi urtez hainbat irudi batu ditu, bai kontzertuetan, bai nire etxean gitarra jotzen ari naizela, eta halakoak». Disko horrekin, kontzertu gutxi eman ditu momentuz. «Uda aurretik bost emanaldi egin nituen, bibolina eta akordeoia jotzen zuten beste bi lagunekin. Orain, emanaldi berrietarako lanean ari naiz, baina beste modu batera». Izan ere, Vasallo donostiarra den arren, eta askotan bere jaioterrian izaten den arren, Madrilen bizi da egun, eta inguru horretan hitzartu ditu emanaldi berriak. «Nire ideia jotzen jarraitzea da, baina lokal txikietan edo tabernetan. Momentuz Madrilen bakarrik emango ditut emanaldiak, baina Donostiara eta Bilbora ere etortzea gustatuko litzaidake. Ikusiko dugu ea posible den». Emanaldi berrietan, beste lau lagunekin batera joko du, baina lokalaren tamainaren arabera egokituko dira, eta agian batzuetan ez dira musikari guztiak batuko.
Bere buruaren berri ematerakoan, bai musikaria eta bai marrazkilaria sentitzen dela dio Vasallok. «Abestiak sortzen eta marrazten eta margotzen gaztetatik ari naiz. Beraz, bereziki abesti idazlea eta margolaria sentitzen naiz. Bi lan horiei eskaintzen baitiet denbora gehien, abeslari izatearena, hala egokitu zaidan zerbait dela uste dut». Gozamenari dagokionean, unearen araberako lanak direla dio. «Pintura lanak iraunkortasuna eta bakardadea eskatzen du. Abestiak sortu eta grabatzea, berriz, nire kasuan behintzat, askoz ere kaotikoagoa da. Edozein momentutan sortzen da; denbora luzez abestitirik idatzi gabe egon zaitezke eta gero hilabete gutxiren buruan disko bat grabatu dezakezu». Hala, ezingo lukeela lan bat edo bestea aukera onartu du, biak baititu gustuko.
- Zer. Diego Vasalloren lehen poema liburuaren jatorrizko marrazkiak, bere sorkuntza plastiko berria eta Thomas Caneten Anatomia de una ruina ikus-entzunezkoa.
- Izenburua. Canciones que no fueron.
- Egilea. Diego Vasallo.
- Non. Groseko Arteko galerian; Iparragirre kalea, 4.
- Noiz. Otsailaren 25era arte. Asteartetik larunbatera, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.