(Argazkia: Donostiako Udala)
Parte Zaharreko gaztetxea eratzen ari diren gazteek elkarrizketa prozesu bat abiatzeko eskatu diote Donostiako Udalari. Horretarako, idatzi bat erregistratu zuten atzo udalean. Horren inguruan galdeginda, Eneko Goia alkateak esan du oraindik ez duela eskaerarik jaso. Horrela ere, jasotzerakoan aztertzeko jarrera erakutsi du. “Eskaera jasotzean aztertuko dugu eman beharreko erantzuna. Jakin arte zer eskatzen duten ezin dut gehiagorik esan”.
Era berean, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak udalari zuzenduriko oharra ere ez dutela jaso adierazi du Goiak. “Badakit oharra atera zutela eta hainbat hedabiderekin hitz egin dutela. Baina udaletxean oraindik ez dugu ezer jaso”.
Txantxarrekarekin bilera
Pasa den asteko asteazkenean, Txantxarreka gaztetxeko kideei elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, Donostian dauden migratzaileei irtenbiderik eman ez dietela salatzeko. Horren harira, ostegunean bilera egin zuten udaletxean, gaztetxeko kideek eta udal agintariek. “bilera ez zen gaizki joan, baina zenbait gauza administrazioen aldetik ez dira horren errazak”, esan du Goiak.
Migratzaileek hirian bizi duten egoeraz aritu ziren bileran, eta udaletik eskura dauden baliabideak eta baldintzak zeintzuk diren azaldu zituzten. “Hitz egiten jarraitzekotan geratu ginen, ikusteko zein soluzio dauden”. Aldiz, Txantxarrekako kideek esan zuten agintariekin egindako bilera “nahiko hotza” izan zela.