Pasaia eta Altzako geltokia tunel baten bidez lotu dituzte
Pasaia eta Altzako topoaren geltokia tunel baten bidez lotu ditu Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak. Hainbat hilabeteko lanen ostean, lugorritze makina batek hondeaketa lanak amaitu zituen asteazken goizean puntu horretan, eta bat egitea gauzatu du —cale da hitz teknikoa, gaztelaniaz—. Joan den astean, Mirakontxa-Easo tartea ere lotu zuten.
Jaurlaritzak “mugarritzat” jo du Altza-Galtzaraborda zatia lotu izana: “Horrela hartzen da cale-a edo bat egitea lurpeko edozein lanetan. Horrela, Donostiako Altza auzoko geltokiak zaku hondoa izateari utziko dio, eta topoaren linearen igarobide bihurtuko da, Pasaiarekin lotuta geratuko baita”. Iazko udaberrian hasi ziren tunela hondeatzen, baina tarte horretako lanak 2021eko uztailean adjudikatu zituzten, 64,1 milioi euroko aurrekontuarekin eta 46 hilabeteko egikaritze epearekin.
Altza eta Galtzaraborda lotuta, Pasaiako plazan geltokiko estalkia izango den goiko lauza egiten ari dira gaur egun. Lauza egin ondoren, terminalaren azpiko hondeaketa lanekin hasiko dira: “Prozedura horri esker, ETSk udarako itzuli ahal izango die herritarrei Hamarretxeta eta Eskalantegi arteko zumardiaren tartea, oinarrizko urbanizazioarekin. Molinaoko errekastoa bere ibilbide naturalera itzuli da duela hilabete inguru, bertan pantaila hormak egin ondoren eta eremu horretan eraginak jasan dituzten zerbitzu ugariak desbideratu eta ordeztu eta gero”, azaldu du Jaurlaritzak.
Galtzarabordako eremuari dagokionez, Jaurlaritzak azaldu duenez, “gaur egun tunelaren instalazioei, araztegiari, dekantagailuei, lugorritze-makina iristeko sarbideei, eta abarrei ekiten ari zaie. Aurreikuspenen arabera, puntu horretako hondeaketa hilabete bat eta bi hilabete barru artean hasiko da, eta urtebete inguru luzatuko da, puntu hori Pasaiako geltokiarekin lotu aurretik”.
Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, osaturik geldituko da da 2016ko irailean topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. Martxan jartzearekin batera, topoak 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dizkie erabiltzaileei. Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdiko irteera Hamarretxea kalearen inguruan egongo da. Alboko nasak izango ditu, baina eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak igogailu baten bidez ere egongo dira konektatuta atariarekin.