PP autobus geltokia Atotxan egitearen alde agertu da
Atzoko udalbatzarrean autobus geltokiaren kokalekua izan zen gai garrantzitsuenetakoa. PSE-EEk Atotxako autobus geltokiko lanei berehala ekiteko eskaera egin zuten, eta mozioaren aldeko botoa eman zuten oposizioko talde guztiek. Orain arte PPk izan du autobus geltokia Loiolako Erriberan ala Atotxan egiteko erabakiaren erantzukizunik handiena; EAJ eta PSE-EE kontra agertu baitira, eta beraz, Bilduk PPren laguntza behar zuen Loiolako Erriberako proiektuak aurrera egiteko.
“Egun, mahai gainean dagoen proiektu bakarra Atotxakoa denez”, horren alde egingo dutela azaldu zuen atzo Ramon Gomez PPko bozeramaileak. Eta horrela egin zuen PSE-EEk aurkeztutako mozioaren bozketan.
Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak autobus geltokiaren kokalekua erabakitzeko epemuga ezarri zuen: martxoa. Loiolako Erriberan autobus geltokia egiteko aukeraren alde lanean jarraitzen zuela adierazi zuen Bilduk. Proiektua beran egiteko azterketak hilabete eta erdi barru prest egongo zirela azaldu zuen Albizuk, eta martxoko udalbatzarrean behin betiko kokalekua non jarri adostuko zutela esan zuen. PPk, ordea, zain egoteaz “nekatuta” daudela adierazi du gaur, eta Atotxako proiektuaren alde agertu dira; “hori baita berehala egin daitekeen proiektua”. Martxoko udalbatzarrean, beraz, Bilduk ez du Loiolako Erriberako proiektua aurrera eramateko babesik izango.