(Argazkia: Reala)
Realak Akziodunen Batzar Orokorra egin zuen atzo Donostiako Kursaalean. Administrazio Kontseiluarengan duten konfiantza berretsi dute akziodunek, botoen %97ko babesarekin. Batzarrean, 201 akziodunek parte hartu zuten, eta kapital sozialaren %35,47ak.
Jokin Aperribai presidenteak atzo baieztatu zuen Anoetako futbol estadioaren berritze lanak garestiagoak izango direla. Hasierako proiektua 47,3 milioi eurokoa zen, eta azkenik, 60 milioi euroko kostua izango du. Realak jarriko ditu falta diren 12 milioiak, eta guztira, 48 milioi dira talde txuri-urdinak ordainduko dituenak.
Akziodun txuri-urdinek taldearen inoizko aurrekonturik handiena onartu zuten: 105 milioi euro. 61 milioi euro soldatak ordaintzera bideratuko ditu klubak.
Iazko ekitaldiari dagokionez, Realak 28 milioi euroko superabitarekin itxi zuen. 139 milioi euroko diru-sarrerak eta 110 milioi eurotik gorako gastuak izan baitzituen talde donostiarrak.
Kirol-apustu etxeak
Reala da kirol-apustuetan jarduten duen enpresaren batek babesten ez duen lehen mailako talde bakarra. Aperribaik atzo esan zuenaren arabera, galdeketa egingo dute akziodunek aukera horren gainean duten iritzia jakiteko. Hau da, kirol-apustuetan jarduten duen enpresaren batek taldea babestea ondo hartuko luketen galdetuko diete. Realeko presidenteak zalantzak ditu horren inguruan, “gizartean gero eta ardura gehiago” sortzen duen jarduera bat delako.