"Postuan lortzen dugun diruarekin, eguzkia dagoen edonora joatea gustatuko litzaiguke"
http://youtu.be/_Yc0Oj-M2KI
Santo Tomas egunerako hilabete eskas gelditzen da eta dagoeneko txistorra saltzeko postuen zozketa egin dute, Udaletxeko Batzar Aretoan. Bi zozketa bereiztuta egin dituzte: alde batetik, ikastetxeen artean banatu dituzte postuak; eta bestetik, elkarteen zozketa egin da. Guztira, 50 postu zozketatu dira eta horien %80a ikastetxeei egokitu zaie, %20a, aldiz, elkarteei. Ondoren, kokapenen zozketa egin da: hamalau postu Konstituzio eta Gipuzkoa plazan, zortzi Sarriegi plazan, lau Okendo plazan eta San Juan kalean eta beste sei Bulebarrean.
Udaletxean jende ugari bildu da postua eskuratu duten ala ez jakiteko, eta IRUTXULOKO HITZA bertan izan da. Hurbildu diren guztiek ez dute posturik lortu, baina hurrengo urtean berriro aurkeztuko direla aitortu dute. Zortea izan dutenek, berriz, ateratzen duten diruarekin zer egingo duten azaldu dute.
“Eguzkia dagoen edonora joatea gustatuko litzaiguke”
Psikologia fakultateko hiru ikasle hauek 3.maila ikasten ari dira eta dagoeneko gradua bukatzen dutenerako bidaia antolatzen ari dira. “Gipuzkoa plazan lortu dugu postua eta ateratzen dugun diruarekin ikasbidaia egin nahi dugu. Oraindik ez dakigu nora joango garen, baina lasai egoteko eta eguzkia hartzea posible den edozein leku izango litzateke aproposena”.
“Inauteri talderako karroza bat nahi genuen”
Sara, Lander eta Ainhoa Salai konpartsako hiru kide dira. Inauteri taldea berria denez, lehenengo urtez etorri dira zozketara, baina ez dute zorterik izan. “Elkarteei postuen %20a bakarrik zegokigun eta oso zaila da. Postua lortu izan bagenu, gure konpartsarako karroza egiteko erabiliko genuke. Santo Tomas egunean ateratzen genuen dirua horretarako eta hurrengo urteei begira gordetzeko baliagarria zen, baina ez dugu lortu. Hurrengo urtean berriro saiatuko gara”.
“Mallorcara joateko postu bat lortu dugu”
Ikastoletatik ere gazte ugari hurbildu dira zozketara eta bertan Axular Lizeokoekin hitz egin dugu. “Bigarren batxilergokoek urtero postua lortzen saiatzen dira ikasbidaia egiteko eta gaur guk Konstituzio plazan postu bat lortu dugu. Mallorcara joango gara ikasturte amaieran, baina lehenengo, abenduaren 21ean nola antolatuko garen zehaztu behar dugu. Ziurrenik, lauko taldeak egingo ditugu eta bakoitza denbora tarte bat egongo da bertan”.
“Zozketara ez gara iritsi eta postu bat galdu dugu”
Kimika fakultatean ikasten duen Asier Sanz zozketara berandu iritsi da eta iada eskuartean zuen postua galdu du. “Zozketa 13:30ean zela pentsatzen genuen eta horregatik iritsi gara berandu. Hala ere, gaztelaniazko taldekoek ere beste eskaera bat eginda zuten eta postu bat lortu dugu, Konstituzio plazan. Eguna iritsi aurretik bost bat pertsona egongo gara dena antolatzen, baina Santo Tomas egunean denak izango gara txistorra saltzen”.