Komunikabideek Papin-Molinao industriaguneko lanen egoera ezagutu zuten herenegun. Kazetariek obren bisita egin zuten, Eneko Goia alkateak lagunduta.
Alkatea, kazetariak eta lanen arduradunak, Papin-Molinaoko industriagunean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Papin-Molinaoko industriaguneak dituen irisgarritasun arazoak aurki konponduko dituzte, sarrera berriaren bitartez.
Irisgarritasuna izan da, hain zuzen ere, bertako enpresarien aspaldiko eskaera.
Molinaoko enpresarien elkarteko presidente Miguel Garcia Andoinen arabera, asko izan dira industriagunea utzi duten enpresak azken urteotan: “Kamioi handiak ez dira industriaguneraino iristen; sarritan materiala guk geuk atera izan ohi dugu kanpoan kargatzeko, horrek ekartzen duen kostuarekin”.
Gaur egun, Eskalantegi kalea zeharkatu behar da industriagunera heltzeko, eta bukaeran dagoen zubi estuak ere arazo ugari sortu izan dituela azaldu du Garcia Andoinek.
22 enpresa daude industriagunean, eta 230 bat langile, baina sarrera berriarekin itxita dauden lokal asko irekitzea espero dute. Garcia Andoinen esanetan, Papin-Molinaoko industriaguneak kokapen ona du: “Industriagune zaharra izan arren, Frantziatik 15 minutura egonik, oso kokapen ona du, eta sarrera berriak aukera emango die 18 metroko kamioi handiei enpresetaraino iristeko”.
Kamioi handiak ez dira iristen; materiala atera izan ohi dugu kanpoan kargatzeko. Industriagune zaharra izan arren, oso kokapen ona du.
Hala, alde egindako
enpresa batzuk bueltatzea espero dute, eta baita enpresa berriak sortzea ere. Papingo sarrera berriak 500 metro eta hiru errei izango ditu, bi sartzeko eta bat ateratzeko, eta autobidearekin bat egingo du Pasai Antxoko biribilgunean. Orotara, 1,5 milioi euroko kostua izango du proiektuak, eta otsailean amaitzea aurreikusten dute.
Donostiako Udalak, bere aldetik, irisgarritasun arazoak konponduta, “industriagunea biziberritu eta jarduera ekonomikoa handitzea” espero du.
Aspaldiko aldarrikapena
Proiektu honekin, udalak aspaldiko aldarrikapen bati erantzun dio, bide berria egiteko eskaera duela hamabost urte baino gehiago egin baitzuten lehen aldiz.
Azkenean, aurreko legegintzaldiaren amaieran esleitu zuten proiektua. Aurrera egiteko hainbat arazo konpondu behar izan zituzten aurretik. Besteak beste, bide berriak zeharkatuko dituen lur batzuk liberatu behar izan zituzten, desjabetze prozesu batekin. Horrekin batera, industrialdea Pasaiako saihesbidearekin lotuko duen bide berriak zeharkatuko dituen lurrak metal astunekin kutsatuta zeudela ikusi zuten, eta lurrak garbitu behar zan zituzten.
Lan horiek eginda, udalak aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren baimena jaso zuen iazko abuztuan, eta Jaurlaritzaren mendeko URA Uraren Euskal Agentziaren baimena urtarrilaren 26an. Obren esleipena, berriz, joan den maiatzean etorri zen.