"Sistema arrakalatzeko", martxoaren 8an kalera ateratzeko deia egin du Mugimendu Feministak
Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi du “sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta borrokan jarraitu” behar dutela, eta horregatik, martxoaren 8an kalera aterako dira Euskal Herriko “erdigune eta bazter guztietan”, Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean. Donostian manifestazioa egingo dute Antiguako tuneletik abiatuta, 18:30ean. Donostiako Asanblada Feministak martxoaren 8an aldarrikatuko duen leloa Sistema arrazista arrakalatu, feministok dena aldatu izango da. “Emakume, trans eta bollerak” kaleak hartzera animatu dituzte.
Feministek adierazi dutenez, COVID-19ak sortu duen testuinguruak “dimentsio ezberdinetako krisiak” azaleratu ditu: “Herritarron osasunaren gainetik, Gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere. Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan”.
Egoera horren aurrean, Mugimendu Feministak “sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa” adierazi du, “bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko”.
Ainhoa Aldazuri Intziri Donostiako neska* gazte taldeko kidea da, eta hiriko asanblada feministan parte hartzen du; martxoaren 8ko manifestazioan parte hartzeko deia egin du: