Surf errebolta baten argazkiak
Nick Waplington argazkilariak Surf Riot erakusketa inauguratu du Groseko Nocolor galerian
Surfilm Festibal jaialdiaren aurtengo kartelaren egilea da Nick Waplington. 1986an Californiako Huntington Beach-en egin zuen argazki bat da irudi ofiziala. Ez da hondartza batean egin daitekeen argazki arrunt bat. Ez dago neska eder eta ilehoririk, ezta adonis figurarik ere. Egun hartan, Waplington errebolta berezi baten lekuko izan zen. Egun hartan egindako argazkiekin osatu du Groseko Nocolor galerian inauguratu duen Surf Riot erakusketa. Ronald Reagan AEBetako presidente zen garaira eramango ditu bisitariak. Orduan Waplington nerabe bat besterik ez zela gogoratu zuen atzo, erakusketaren aurkezpenean.
Egun hartan surf lehiaketa bat ikustera joan zen Hungtington Beach-era. 100.000 surfzale inguru bildu ziren bertan. Bera iritsi zenerako anabasa besterik ez zegoen bertan. Hegazkin bat hondartza inguruko etxeen gainean erori zen. Kaosa eragin zuen istripu hark. Polizia istripuaren gunean elkartzen hasi zen bitartean, hondartzan errebolta piztu zen. Hainbat gazte surf taulak erretzen hasi eta sorosleen postuari ere su eman zioten: “Oso egun arraroa izan zen. Ez zen iraultza bat izan, ezta protesta bat ere. Garai zailak ziren, oso puritanoak. Alkohola edateko gutxieneko adina igo egin zuten; kalean edanez gero gazteak atxilotu egiten zituzten… Poliziaren errepresioa ere handia zen, eta uste dut nahasketa bat izan zela”, adierazi zuen artistak.
Erakusketaren abiapuntua iaz argitaratu zuen Surf Riot liburua izan zen. Sancho Rodriguezek, Surfilm Festibaleko zuzendariak New Yorkeko liburu denda batean aurkitu zuen harribitxia. Argi izan zuen hasieratik hura izango zela jaialdiaren hamargarren ekitaldiaren irudia: “Oso ondo islatzen du kultura munduak eta surfak bizi duen momentu zaila. Perfektua da gure hamargarren urtemugarako. Irudi iraultzailea da erabat. Surf komertziala albo batean utzi eta hainbat sortzaile surfaren inguruko ekoizpen independenteak egiten hasi den garairako perfektua da”, esan zuen atzo Rodriguezek erakusketaren aurkezpenean.