Aieteko osasun zentroa kokatuko duten lursaila. (Argazkia: I. Esnaola)
Aieteko osasun etxearen eta Erdialdeko Jatorra zahar etxearen planen moldaketak onartu ditu udal gobernuak; oposiziotik ohartarazi dute ingurumen txostenik ez dutela
Apirileko udalbatzarra gogoan izango dute udal taldeek. Iruñeko erasoaren epaiak udal batzar aretoan harrapatu ditu ordezkari guztiak, eta arratsaldeko saioan udalbatzarra bertan behera uzteko eskatu dute Irabazi Donostiak eta EH Bilduk. Udaleko alderdi guztiek gaitzetsi dute epaia, PPk izan ezik. Dena dela, udalbatzarrarekin aurrera jarraitzea erabaki dute PSE-EEk eta EAJk. Horren aurrean, Irabazi eta EH Bilduk mozioak erretiratu eta udal batzar aretotik atera dira. Saioa bukatuta udalak adierazi du bat egiten duela hiriko mugimendu feministak egindako gaitzespenarekin.
Hasi, ordea, bost udal taldeetako ordezkariekin abiatu dute goizeko saioa. Eraso sexistak salatzeko minutu bateko isilunea egin dute, eta jarraian ekin diote udalbatzarrari. Eguneko gai zerrendan Uliako mintegien inguruko interpelazio bat sartzeko eskatu du Irabazik. Aranzadi Zientzia elkarteari bere egoitza mintegietara eramateko proposamena egin dio udal gobernuak. Hori baieztatzeko eskaera luzatu du Loic Alejandro zinegotziak, baina gehiengoak ez du babestu. EAJk, PSE-EEk eta PPk argudiatu dute hamabost egun barru gaiari buruz hitz egiteko aukera izango dutela dagokion batzordean. Horrez gain, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileak udal batzar aretora joan dira lan baldintza duinen aldeko protesta egitera.
Aieteko osasun etxearen, Erdialdeko Jatorra zahar etxearen eta Herrerako futbol zelaiaren planei argi berdea eman die udalbatzak. Halere, eztabaida sortu da oposizioaren eta udal gobernuaren artean. Hirigintza proiektuek ingurumen txostena behar dutela azpimarratu dute Irabazik, EH Bilduk eta PPk. Aieteko osasun etxeak eta Jatorra zahar etxeak txosten hori ez dutela kritikatu dute, eta segurtasun juridikoa bermatu behar dela. Beste bi proiektuen aldean, Herrerako futbol zelaiaren espedienteak aipaturiko txostena du.
Uliako mintegien epaia atera zenetik hirigintza plangintzetan ingurumen txostena beharrezkoa dela azpimarratu du Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak. Ordutik, beste hainbat proiektu iragarri eta erretiratu dituztela gaineratu du. «Hala nola, Illunbeko egitasmoa eta Mirakontxan hotela egiteko plana». Horren haritik, EH Bilduk, PPk eta Irabazik mozio bateratua aurkeztu dute hirigintza proiektuen segurtasun juridikoaren inguruan. «Hasieratik gauzak ondo egitea da eskatzen duguna», adierazi dute hiru udal taldeetako ordezkariek.
Udal gobernuak ez du babestu mozioa, eta oposizioko udal taldeek harturiko jarrera kritikatu dute. «Proiektuak aurrera eramateko arriskua hartzearen alde gaude, eta berme juridikoarena interpretagarria da», esan du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak. Eneko Goia alkateak, aldiz, proiektuak oztopatzea egotzi die. «Interes publikoak merezi du espedienteak onartzeko».
Miramar eta ‘Fuenterrabia’
Miramar jauregiaren etorkizuna erabakitzeko udal talde guztien parte hartzearen alde egin du EH Bilduk. Mozioaren alde egin dute Irabazik eta PPk, eta Eusko Jaurlaritzak jauregiaren partzuergoa utziko duen argitzeko eskatu dute. Miramarren bideragarritasuna zehazteko ikerketen emaitzak maiatzean izango dituztela adierazi dute sozialistek, eta udal gobernuaren nahia Jaurlaritzak parte hartzen jarraitzea dela.
Aho batez onartu duten kontrol mozio bakarrenetakoa izan da EH?Bilduk kale izendegiaren inguruan aurkezturikoa. Oraindik ere,
Fuenterrabia izeneko karteltxoak daude Hondarribia hirian, eta hori aldatzeko eskatu dute izena ez delako existitzen. Ahal bezain azkar egingo dutela baieztatu du Alfonso Gurpegi zinegotzi sozialistak.
Arte Ederretako epaiak udalari eman dio arrazoia
Donostiako Udalak ez du kalte-ordainik ordaindu beharko Arte Ederretako eraikinarengatik. SADE eraikinaren jabeak 13,7 milioi euro erreklamatu zizkion udalari salaketa baten bidez. Baina epaiaren arabera ez dago «inolako arrazoirik» udalak diru hori ordaindu behar izateko. Eneko Goia alkateak azaldu du espero duela epaiak balio izatea zalantzak argitzeko eta eraikinari beste erabilera bat emateko. SADE ebazpena aztertzen ari da, eta oraindik ez du adierazpenik eskainiko.
Bi aldeak hainbatetan elkartu dira egoerari irtenbidea emateko, baina ez dute akordiorik lortu. Arte Ederretako eraikinean zinema berri bat jartzeko proposamena egin zion udalak SADEri. Aldiz, erakinaren jabeek baldintza bezala jarri zuten Plan Orokorra aldatzea, zinema ez ezik etxebizitzak ere egin ahal izateko.
Zeharka bada ere, Arte Ederren inguruko sententzia aipatu dute udalbatzarrean. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak aldeko ebazpenari egin dio erreferentzia udal gobernuaren jarrera babesteko. «Oposiziotik diozue ez dugula segurtasun juridikoa bermatzen. Arte Ederren ebazpenak, ordea, agerian uzten du zuzen ari garela». Hirigintza proiektuek behar duten ingurumen txostenaren harira sorturiko eztabaidan egin ditu adierazpen horiek Ramosek. «Aldeko epaia ez da zure meritua eta egungo udal gobernuarena. Udaleko zerbitzu juridikoen lanaren emaitza da», erantzun dio Miren Albistur PPko bozeramaileak.