Zuazo Barakaldoren aurka jokatuko du Bera Bera Eskubaloiak Kopako lehen partida
Alcobendasen jokatuko dute lehia, martxoaren 14tik 16ra.
Zuazo Barakaldo izango da Bera Bera Eskubaloiaren lehen aurkaria, Kopan. Izan ere, XXXV. Eskubaloi Koparen zozketa egin zuten atzo arratsaldean, Alcobendaseko udaletxean, eta horixe erabaki zuen zoriak. Zozketa egiteko, zerrenda buruak atera zituzten lehenengo, Bera Bera eta Alcobendas, lehenengo itzulia lehen eta bigarrena postuan bukatu duten taldeak, hain zuzen ere. Zehazki, martxoaren 14tik 16ra bitartean jokatuko dute lehia, Alcobendaseko Amaya Valdemoro kiroldegian, eta guztira zazpi partida egongo dira jokoan.
Kopa txapelketa berezia izaten da, eta behin baino gehiagotan ezustekoak gertatu dira. Iaz, esaterako, final-laurdenetan Zuazo Barakaldo Bera Bera kanporatzeko zorian egon zen. Denboraldi honetan, Bera Bera eta Zuazo lau aldiz aritu dira elkarren aurka: Ligako bi partidetan, Euskadiko Kopan, eta bi lagunartekotan. Donostiarrak nagusi izan dira norgehiagoka guztietan, baina Ligako bi partidetan Zuazo sendo aritu zen.
Bera Berak Zuazoren aurkako final-laurdenetako partida irabaziz gero, Atletico Guardes eta Mar Alicante partidako irabazlea izango du aurkari. Bestetik, Alcobendas eta Porriño lehiatuko dira, eta Elx eta Rocasa.
Ostiralean, 12:30ean, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan jokatuko dituzte partidak, baina oraindik ez dute zehaztu talde bakoitzak zein ordutan jokatuko duen. Larunbateko finalerdiak 13:30ean eta 16:00etan jokatuko dituzte, eta finala igandean, 13:00etan. Larunbateko eta igandeko partida guztiak Teledeporten ikusteko aukera egongo da; larunbateko lehen finalerdia eta igandeko finala, zuzenean.