Zurrumurru arrazistei aurre egiteko saioa antolatu du Hau Egia Da! egitasmoak
Gaur arratsaldean zurrumurruei aurre egiteko tailer praktikoa eskainiko du Asier Gallastegik Tabakaleran. Hau Egia Da! egitasmoak antolatu du jarduera, joan den ekainean, aniztasun kulturala lantzeko tailer praktikoa egin ostean.
Hitzaldiaren bidez, arrazakeriari buruz hitz egiteak duen garrantzia landu nahi da, izan ohi ditugun eta eguneroko bizitzan normalizatzen ditugun iruzkin eta jarrera arrazistak identifikatu, “baita ere, aniztasunak duen balioaz eta desberdintasuna errespetatzeak duen garrantziaz kontzientzia hartzea, kulturarteko ikuspegia txertatzearekin batera”.
Arrazismoari aurre egiteko eta Egiako auzoan bizikidetza sustatzeko tresna moduan kulturarteko harremanen garrantziaz hitz egingo dute gaurko saioan.
Horretarako, parte hartzeko metodologia bat garatu dute: “Hausnarketa sustatu nahi dugu, bereizkeria jasaten dutenen lekuan jar gaitezen erraztu, gure jarrerak eta iruzkinak auzitan jarri, eta gaia eguneroko bizitzan eta gure elkarteetan lantzeko tresnak eman”.
Hau Egia da! kultur bitartekaritza eta aniztasunean diharduten hainbat elkartek eta erakundek abiatutako proiektua da: Emaus gizarte fundazioa, Dar-dar gizarte ekimenezko kooperatiba, Gipuzkoako SOS Arrazakeria, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, Ongi Etorri Eskolara proiektua, Donostiako Udala Aniztasun eta Partehartze sailak, Egia Bizirik auzo elkartea eta Tabakalerako hezkuntza arloak.
Saioan izena emateko: kulturaniztasuna@donostia.eus / 943 48 17 32 deitu behar da.