"Bataiatuta gaude denok"
Intxaurrondoko hainbat denda eta tabernatan lapurretak izan dira azkenaldian; segurtasun handiagoa eskatu dute
Errege Magoek ikatza baino opari beltzagoa eraman dute Intxaurrondora. Gutunean horrelakorik idatzi ez bazuten ere, Meltxor, Gaspar eta Baltasarren bisita beharrean lapurren bisita izan dute auzoko hainbat denda eta tabernatan. Etsipena nagusi da Sagastieder plaza inguruko dendarien artean. Bakar bat bera ere ez dela libratzen adierazi du Lekuona okindegiko Esperanzak. «Bataiatuta gaude denok», dio.
Batzuk behin baino gehiagotan izan dute zorigaiztoko bisita. Mons pasealekuko Talai tabernak hogei bat urte daramatza zabalik eta ostiral gauekoa bosgarren aldia izan zen lapurrak tabernan sartu zirela. Mailu handi bat eskuetan hartuta, kristala txikitu eta barrura sartzea lortu zuten. Txanpon makina ezertarako ondoren, ertzainek taberna barruan harrapatu zituzten.
«Alferrik» dela dio Adi tabernako Itziarrek, konturatu orduko kalean direlako berriz. Ostegun gaua ez zela batere xamurra izan kontatu dio Itziarrek Irutxuloko Hitzari. «Lankide bat taberna ixten ari zela, lapurrak ikusi zituen eta txanpon makina jarri zuen pasa ez zitezen. Lapurrak, hala ere, kolpeka hasi ziren». Adi tabernan ikaratzeko modukoa, eta Euskal Pizza eta Plaza tabernakoentzat kezkatzekoa izan zen. Izan ere, pizzeriako kideei furgonetako sarraila apurtu zieten. Plazan, berriz, telebista, ordenagailua eta beste hainbat tresna eramateaz gain, txikizioa eragin zuten. Salaketak jarri dituztela esan du Itziarrek; hori, baina, ez du uste egoeraren irtenbide izango denik.
«Zeharo ahaztuta» daudela kritikatu du Itziarrek. Salaketa jarri eta zenbat egunetan polizia patruilak ikusten direla azaldu du; gero, aldiz, ahaztu egiten direla erantsi du. «Gauean tabernatik atera eta bakarrik zaudela dirudi, polizia ikustea ez da ohikoa izaten, koartelean daudenak besterik ez», esan du.
Beldur dela onartu du Lekuona okindegiko Esperanzak. Talai tabernan harrapatutako lapurrak Ertzainei aurre egiteko gai izan badira, edozer egiteko gai direla adierazi du. Hiru urtetan lau bider ostu dute Esperanzaren okindegian. Azkena duela bi aste. Sarrailak apurtu eta 400 bat euro eraman zituztela dio. Horregatik, kalez kale auzoa zaintzen ari den polizia gehiago ikustea beharrezkoa dela uste du. Tabako dendan ere iritzi berekoak dira, nahiz eta duela lau urte lapurtzera sartu zirenean egun argia izan.
Txanpon makinak kendu
Polizia ala segurtasun neurri zorrotzagoen zain egon gabe, Aterpe tabernan beren neurriak hartu eta txapon makinak kendu dituzte. Harrez gero, saiakerarik ez dela egin argitu dute. «Lapurrek makinak dituzula jakinez gero, ziur daude txanponen bat edo beste lortuko dutela», diote.
Bestalde, polizia noizean behin badabidela azaldu dute. Udako gau batean tabernan argia ikusi eta arazorik ba ote zen galdetzera sartu zirela azaldu dute. Behar bada, diskrezio handiagoarekin pasa beharko liratekeela gaineratu dute. Ertzainak edo udaltzainak zein orduetan igarotzen diren ikasi eta zirrikiturik txikiena ere aprobetxatzen dutela azaldu dute.

