Flor Diaz: "Zauri handi bat berriz irekitzea bezalakoa izan da"
Haur lapurtuen auziaren harira, gorpu bat deshilobiratu dute lehendabiziko aldiz Polloen
Egun garrantzitsua izan zen atzokoa Mercedes Ocariz donostiarra eta bere sendiarentzat. Haur baten gorpua atera zuten atzo goizean hilobitik, Polloe hilerrian. Bederatzi seme-alaben amak bere alaba Rebeca jaio eta egun gutxira lapurtu zuten susmoa du. DNA probek argituko dute, orain, ateratako umea lapurtu zioten alaba izan ote zen. Garrantzitsua bezain gogorra izan zen atzokoa Ocarizentzat, «zauri handi bat berriz irekitzea bezalakoa» izan dela adierazi du SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkarteko presidente Flor Diazek.
Ume lapurtuen afera hasi zenetik, bigarren gorpua atera dute hobitik Euskal Autonomi Erkidegoan; Gipuzkoan, lehena. Afera honi lotuta iazko iraila bukaeran atera zuten lehen gorpua EAEn, Bilbon. Umea lapurtu zietela salatzen duten 200 kasu daude oraintxe bertan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argitzeko zain. Gehienak, 121 kasu, Gipuzkoan.
Iazko apirilean jarri zuen Mercedes Ocarizek salaketa, eta epaileak gorpuzkiak aztertzeko nahiko oinarri badagoela argudiatuta eman zuen ateratzeko baimena. «Gorpuari DNA probak egingo dizkiote, eta han hilobiratuta dagoena bere alaba den ikertuko dute», azaldu dio Irutxuloko Hitzari SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkarteko presidente Flor Diazek.
Ocariz 1977ko uztailaren 3an erditu zen, Donostiako Martin Santos klinikan, eta kasua salatu zuen apirilean. «Ocarizek zortea izan zuen, bere alaba familiaren panteoian lurperatzea lortu zuelako, eta errazagoa izan da dokumentazioa bilatzea. Gainera, epaileak berak baimendu du gorpua hobitik ateratzea. Beste hainbat kasutan familiak berak ordaindu behar izan ditu gastu guztiak», aditzera eman du elkarteko presidenteak.
Ocarizentzat aurrerapausoa izan bada ere, «oso prozesu gogorra» dela onartu du Diazek. «Behintzat kasua argitzeko aukera izan du, hori baita garrantzitsuena», erantsi du. Orain egingo diren proben emaitzak ezagutzeko datarik ez dute ezarri. Emaitzek, ordea, panteoian lurperatuta dagoena bere alaba ez dela badiote, errudunak bilatu beharko direla jakinarazi du elkarteko presidenteak. Halere, errudunak ez ezik, biktimak ere bilatu behar direla azpimarratu du Diazek, «derrigortutako desagerketak izan baitziren».
Oraindik Gipuzkoan argitu gabe daude ehundik gora kasuetako bat da Mercedes Ocarizena. Beste hainbat kasu, ordea, amaitutzat jo dituztela nabarmendu du SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkarteko kideak «frogak falta direlako». Atzokoa, beraz, «urrats txiki bat» izan dela adierazi du Diazek, «amaitutzat jotzen ez duten beste kasu bat» delako.
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du auzi honen inguruko ikerketa batzorderik sortu, eta kasu gehiago argitze aldera «ezinbesteko neurria» dela azaldu du Flor Diazek.
