Urrezko ezteietarako pergaminoa eta txapa prestatu dute
Peña Anastasioren danborrada 1963ko urtarrilaren 20ean atera zen lehenengoz. Arratsaldez Erdialdeko kaleetan giro handirik ez zegoela ikusita, lagunak elkartu eta danborrada osatzea erabaki zuen Placido Ezeizak. Burutazio hartatik 50 urte igaro dira eta egun, beste bi danborrada gehiagok girotzen dituzte Erdialdeko kaleak: 1986an sortu zen gazteen danborrada eta 1998an osatu zen emakumeena.
Peña Anastasioko kideek behar den bezala ospatu nahi dute urteotako ibilbidea. Ezeizaren ideia aurrera ateratzen lagundu zuten kideak eta 50 urteotan danborra astintzen egon direnak elkartuko dira bihar Teniseko jatetxean antolatu duten afarian. Denera, berrehun bat lagun elkartzea espero dute. Tartean, urtarrilaren 20 ko festa freskatzen laguntzen duten tabernetako kideak eta Manolo Mugika memoriala jaso duten kideak egongo dira.
Bapo afaldu ondoren, 50. urteurrenerako prestatu duten txapa eta pergaminoa banatuko dute. Danborradaren sortzaileetakoa izan zen Tomas Hernandezen irudiak ditu pergaminoak. Danborrada bakoitzeko kideen irudiak biltzen dituen pergaminoa da. Txapak, berriz, urteurrenerako atondu duten ezkutuaren irudia du. Afarian jakinaraziko dute, era berean, 2012ko omenaldirik beroena nork jasoko duen; alegia, Manolo Mugika memoriala nori emango dioten aurten.
Urteurren berezia dela-eta, hiruzpalau sortzailek ez dute danborradan jotzeko zirrara biziberritzeko aukera galduko.