Donostiar bakoitzak 158 bidaia egiten ditu urtean
Marka guztiak gainditu ditu Donostiabusek; 125. urteurreneko «oparirik politena» dela dio Jon Albizuk
29.216.698 bidaiari. Horixe da Donostiabusek iaz lortutako marka historikoa. Donostiar bakoitzak urtean 158 bidaia egiten ditu hiriko autobusetan. Europako kopururik altuenetako bat dela nabarmendu dute. Izan ere, Donostiabuseko gerente Gerardo Lertxundiren esanetan, krisi ekonomikoak leku batetik bestera ibiltzeko joera baretu du. Hirian, ordea, joera bestelakoa da. Donostiaren tamainako hiri batean, urtean, batez beste, 60-70 bidaia artean egiten direla azaldu du Lertxundik.
Aspalditik dator, gainera, Donostiabusen bolada ona. Zazpi urteotan 3,2 milioi lagun gehiagok hartu dutelako autobusa. %12koa izan da hazkundea. 2004an zenbatutako 26 milioi bidaiariak 29,2 milioitan bilakatu dira.
Lineaz linea xehatuta, Amara-Ospitaleak jarraitzen du bidaiaria gehien biltzen duen zerbitzua izaten (4.790.050). Atzetik ditu Altza (3.794.560) eta Benta Berri 3.061.246 bidaiarirekin. Zehazki azken zerbitzu hori da bilakaerarik handiena izan duen lineatako bat, Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza zerbitzuarekin batera.
Gaurkoa bezalako egun batean, 92.870 herritarrek hartzen dute autobusa. «Duela gutxi 85.000 inguruan zegoen», nabarmendu du Lertxundik. Larunbatetan eta jai egunetan ere kopuruak gora egin du. Larunbateko batez bestekoa 68.116koa da, jai egunetakoa, berriz, 41.483koa. Erabilerari dagokionez, urteko egunik arrakastatsuena San Tomas eguna da. 124.028 bidaiari izan zituen iaz. San Sebastian bezpera, abuztuaren 19 eta 18a eta Bon Jovik hirian kontzertua eman zuenekoa dira autobusak goraino bete ziren gainontzeko egunak.
Horrelako datuak lortzea 125. urteurrena ospatzen ari den autobus konpainiarentzat «oparirik politena» dela adierazi du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Hurrengo urteetan ere bide beretik jarraitzea espero dute. Zerbitzu berririk sortzea zaila izango denez, egungo zerbitzua mantentzea izango dela 2012ko erronka, zehaztu du.
Donostiabuseko 2011-2015 arteko plan estrategikoak gainontzeko udal taldeen babesa ez izateak neurri berriak hartzea korapilatzen duela esan du Albizuk.
