San Sebastianen bestelako sariak
Urtarrilaren 20an hainbat lagun eta erakunde omentzen dituzte elkarteek eta danborradek; bere kideak zein kanpoko pertsonak eta taldeak nabarmentzen dituzte danborraren jaiaren, auzoaren zein hiriaren alde egindako lanagatik.
Udalak ematen dituen Hiritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra ez dira San Sebastian egunean egiten diren sari emate eta omenaldi bakarrak. Elkarteek eta danborradek ere, aprobetxatzen dute danborraren jaia beraien hainbat kide zein kanpoko erakunde eta norbanakoak nabarmentzeko, gehienetan festaren beraren zein auzoaren alde egindako lana eskertzeko asmoz egiten dute.
Sariak isilarazteko baino, danborren eta upelen soinuak San Sebastian egunean egindako omenaldiak nabarmentzeko balio izaten du. Modu horretan, hainbat danborradak ere eguna eta jaia aprobetxatzen dituzte pertsonen zein erakundeen lana goraipatzeko. Honen adibide dira, besteak beste, Peña Anastasio zein Amara Berri Ikastetxeko danborradak.
Mende erdia betetzen ari den Erdialdeko Peña Anastasiok Ollagorra danborradako Bernardo Santos Castro omenduko du ostiralean Manolo Mujika memoriala emateko ekitaldian. Santosen lana bere elkartearen danbor eta desfilea antolatzea baina haratago joan da. Bere ekarpena da, besteak beste, Ataque de errico shemes, Comparsa de caballeria de viejas eta Comparsa de caballeria de gallos kantak San Sebastian eguneko errepertorioan sartzea.
Bestalde, Kresalak Peña Anastasio bera omenduko du aurten. Parte Zaharreko danborradaren arduradun Xabier Arregik dioenez, elkartearen izenaren lehen letra irudikatzen duen ikurra emango diote, «mende erdia bete dutelako, baita 2006an beraiek 25 urte bete genituenean gu omendu gintuztelako ere».
Kresalak bere kideen arteko batzuk ere omendu ohi ditu. Hain zuzen ere, 25 urtez danborradan irteten direnei Urrezko Urketa eman ohi diete. Ohitura bera dute Vasconia elkarteko danborradan. Hala ere, Oier Marigilek azaldutakoaren arabera, horrelakorik ez dute aurten emango, «zenbaki horretara orain iritsi denik ez dagoelako».
Dena den, Vasconiakoak saririk eman gabe ez dira geldituko, nahiz eta hiriaren erdialdeko beste danbor multzoekin batera egingo dutelako. Inguru honetako danborradak biltzen dituen koordinadorako Txema Cibianek iragarri duenez, auzo hauetako danborradek Anastasioren mende erdia ospatuko dute.
Ohorezko zapiarekin batera, omenalditxoa jasoko duen beste erakunde bat Amarako Ernest Lluch kultur etxea izango da. Urtero legez, Amara Berri Ikastetxeko danborradak erabaki du omendua. Honen arduradun Jesus Ausejok esandakoaren arabera, «hiri osorako kultur etxea izan arren, argi dago auzoaren kultur bizitzan eragin handia izan duela». Zentroaren zuzendari Iñaki Gabarainek jasoko du oroigarria, eta egunaren bukaera ezartzen duen banderaren jaitsiera egingo du.
Uniformeak eta xingolak
Zurriola ikastolaren haur danborradak, berriz, Ramon Labaien alkate ohi eta Irutxuloko Hitza-ren kolaboratzailea omenduko du. Eskola horretako haurrek, danborradan, daramaten uniformea hautatzen «laguntza handia» eman izana eskertu nahi diote.
Antiguoko kirol elkartearen danborradak hasierako kanoikada botatzen uzten nabarmentzen ditu bere omenduak. Aurten Kepa Vicariok izango du Antiguako danborrada horren hasiera markatzeko eginbeharra. Vicario hautatzeko arrazoien artean, «auzoko txistulari taldea sortzen eta mantentzen egin duen lana», aipatu du bertako danbor nagusi Iñigo Santinek.
Omenaldiak jasoko dituztenen zerrendan beste lerro bat osatzen du Donostiarra-Kaiarriba arraun elkarteak. Kasu honetan, Parte Zaharreko Euskal Bilerak emango dio bere Urrezko Makila.
Baina, sariak, omenaldiak eta oroigarriak eman eta egiteaz gain, joandakoak gogoan izateko aukera aprobetxatuko dute. Amaran irteten den DYA elkartearen danborradaren banderan xingola beltza eramango dute. Izan ere, laguntza elkartea sortu zuen Juan Antonio Usparitza joan den astean hil baitzen.



