Lurraldebuseko txartela Donostiabusekoa ordezkatzeko bidean da
Otsailaren 15etik aurrera Lurraldebuseko txartelak aukera gehiago eskainiko ditu. Gazteek, adinekoek, elbarriek edota gizarte txartela erabiltzen dutenek Donostiabusek nahiz Lurraldebusek eskaintzen dituen abantailez gozatu nahi izanez gero, beharrezkoa dute, egun, bi txartel erabiltzea. Aldiz, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu berri duten hitzarmenari esker, otsailaren erdialdetik aurrera, Lurraldebuseko txartelarekin nahikoa izango dute.
Donostiabusek eskaintzen dituen doako autobus aldaketak ere Lurraldebuseko txartelarekin egiteko aukera egongo da, halaber. Aldaketa horiek Donostiabusi eragiten dizkion gastuak hilero ordainduko dizkio aldundiak autobus konpainiari.
Hortaz, bonobus arrunta eta bestelako txartelak erabiltzen dituzten bidaiariek orain arteko txartela albo batera utzi eta nahikoa izango dute Lurraldebusekoarekin hiritik nahiz Gipuzkoa osotik mugitzeko. Horregatik, otsailaren 15etik aurrera, Dbusek ez du txartel arrunt berririk banatuko. Txartel zaharrek, baina, berdin-berdin funtzionatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.
Lurraldebusek, dena den, hileko bonoak ez ditu oraindik ordezkatuko.
Aldundiak eta udalak txartel bakarra ezartzeko eman duten urratsa dela nabarmendu du Jon Albizu mugikortasun zinegotziak. Era berean, garraio publikoaren aldeko apustua «sendoa» dela eta txartel bakarra ahalik eta lasterren ezartzeko lan egingo dutela baieztatu du. Bi erakundeok kudeatzen dituzten autobusez gain, Renfe edota EuskoTreneko zerbitzuak txartel bakarrean batera daitezen, beste erakunde batzuekin batera, tarifa bateratu eta abantaila berberak adosteko Garraio Agintaritzan lanean ari dira.


