Bisitari galerari aurre egiteko plan bat garatzea nahi du PSEk
Ostalariek eta Estatistika Institutuak dituzten datuak Eustatek emandakoenekin bat ez datozela dio alkateak
Turismoak aurreko abuztutik hartu duen joerarekin kezkatuta daudela adierazi du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Eustatek emandako datuak aintzat hartuz, bisitari kopuruak %8 egin du behera. Igarotako gau kopurua ere %7 murriztu dela jakinarazi du. Joera hori lehenbailehen irauliko duen plan bat garatzea beharrezkoa dela uste du. Bilbo eta Gasteiz, gainera, aurrea hartzen ari direla zehaztu du. Donostiak baino datu hobeak izateaz gain, azpiegitura eta ekimen berrien –metroa hedatzea, El Sol jaialdia…– alde borroka egiteko prest daudela dio.
Juan Karlos Izagirre alkateak, aitzitik, ez du sozialistek plazaratutako errealitatearekin bat egiten. Ostalariek edota Estatistika Institutuak emandako datuek bestelako errealitate baten berri ematen dutela azaldu du.
Ernesto Gascok Bilduri egotzi dio bisitari kopuruak izandako galeraren errua. «Abiadura Handiko Trenari ez, aireportuari ez… Isolatuta bizi nahi dutenen jarrera» dutela salatu du. Donostia erakargarri baten irudia zabaldu eta indartu beharrean, aldarrikapen politikoak lehensten dituztela kritikatu du.
Udalak Donostia Turismo diruz oraindik gehiago laguntzea nahiko lukete sozialistek. Era horretan, biltzar gehiago antolatuko liratekeela uste du Gascok.
