Danborra utzi eta kalderero jantzia prestatzeko unea heldu da
Otsailaren 4ean hainbat konpartsa aterako dira auzo desberdinetatik; entsegu egunak finkatu dituzte
Otsailaren 4ean zartagin hotsa besterik ez da entzungo hiriko kaleetan. Hungariatik Donostiara bidean dira Kaldereroak eta auzo desberdinak girotuko dituzten konpartsak lanean ari dira jada. Otsaileko lehen larunbateko festa borobila izan dadin, entseguak finkatu dituzte.
Groseko kaldereroak 18:00etan abiatuko dira Jose Migel Barandiaran pasealekutik bi larunbat barru. Parte hartu nahi dutenak Zurriola ikastolan, 20:00etan, egingo dituzten entseguetara hurbildu beharko dira gaur, datorren asteartean, otsailaren 2an eta 3an.
Gehituko konpartsa 19:00etan aterako da Erdialdeko kaleetatik. Entseguak bihar eta astelehenean izango dira 19.30etan, Urbieta kaleko Amara Berri ikastolan. Amarakaldek, halaber, Amarako eta Loiolako Erriberako kaldereroak deitu ditu. Entseguak larunbatean eta igandean izango dira 12:00etan, Amara Berri Ikastetxean. Datorren astean, asteartean eta ostegunean elkartuko dira 20:00etan.
