Grosen 858 familiek bereizten dituzte hondakin organikoak
Azpeitiako konpost planta ezagutzeko bisitaldiak antolatu dituzte hurrengo bi larunbatetan
Grosen eta Amaran dute, oraingoz, zabor organikoa bereizi eta edukiontzi marroira botatzeko aukera. Amaran 2008tik daramate hondakin horiek birziklatzen. Grosen, berriz, sei hilabete besterik ez dira bete kanpaina abian jarri zenetik. Egitasmoak urtebete egin ez duen honetan 858 familiek erabaki dute egunero sortzen dituzten barazki azal eta janari hondarrak beste poltsa batera botatzea. Denera, 90 tona bereizi dituzte; egunean, 185 gramo partaide bakoitzeko. Amaran arrakasta handiagoa du ekimenak, 2570 familiek dutelako bosgarren edukiontzian zaborra uzteko giltza. Iaz 327 tona jaso zituzten; 131 gramo, egunean, partaide bakoitzeko.
Bildutako zabor horrekin guztiarekin zer egiten duten ezagutzeko, bisitaldiak antolatu dituzte Azpeitian dagoen konposta egiteko plantara. Larunbat honetan eta hurrengoan egingo dituzte bisitak. Doako txango horietan parte hartu nahi dutenek 943-483390 telefonora deitu ala ingurunea@donostia.org e-postara idatzi behar dute. Autobusa 10:30ean abiatuko da Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusi paretik eta 13:30-14:00 aldean itzuliko da Donostiara.


