Gutxiago baina tamaina handiagoko biltzarrak izan ditu Kursaalek
Erakundeei dirurik eskatu gabe, autofinantzatzeko gai izan da eta 825.865 euroko irabazia lortu du
Iazko lepotik burua. 2010ean Kursaal jauregiak marka guztiak gainditu zituen eta 2011n bide beretik jarraitu du. Biltzar kopurua 30tik 23ra jaitsi bada ere, tamaina handiagoakoak izan direla nabarmendu du Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendari-gerenteak. Horri esker, biltzar kopuruan izan den galerak ez dio fakturazioari erasan. Denera, 4,2 milioi euro bildu dituzte, aurreikusitakoa baino %7,9 gehiago eta iaz lortutakoa baino %4,4 gutxiago.
Erakundeei dirurik ez diotela eskatu behar izan azaldu du Goikoetxeak, autofinantzatzeko gai izan direlako. Hori gutxi ez, eta 825.865 euroko irabazia lortu dute. Biltzar jauregiak Gipuzkoan izan duen eragin ekonomikoa 53 milioi eurokoa izan da.
Zoriontzeko datuak direla esan dute Juan Karlos Izagirre alkateak eta Ikerne Badiola Kultura diputatuak. Biltzar jauregia «Donostiako ekonomia sustatzeko motor garrantzitsua» dela dio Izagirrek eta udalaren sostengu eta babesa izaten jarraituko duela nabarmendu du. Erakundeak ez ezik, Kursaaleko zerbitzuak baliatzen dituzten bezeroak ere gustura daude biltzar jauregiko eskaintzarekin. Bezeroen gogobetetze maila hamarretik 8,6koa dela jakinarazi dute. Euskaraz harremanetan jarri nahi dutenek, gainera, ez dute inongo zailtasunik izango, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu berri dutelako.
Nazioarteko sei biltzar
2012ari ere traza ona har dakioke. Oraingoz nazioarteko sei biltzar antolatzea espero dute, zientzia eta teknologiarekin lotutakoak guztiak.
Profesional gehien elkartuko dituen biltzarretako batek Alzheimerraren inguruan lanean ari diren profesionalak eta senitarteak elkartuko ditu. 800 ordezkari baino gehiago batuko dira urriaren 25etik 27ra Kursaalen.
Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroak antolatutako neurobiologiaren inguruko batzarrak, berriz, 600 lagundik gora elkartzea espero du. Azaroan egingo da topaketa.
2012. urtean egingo diren azokak, berriz, bost izango dira: Korrikalariaren Azoka, Stockaren 8. Azoka, turismoa eta ihesalditxoak sustatzea helburu duen Sevatour azoka, San Sebastian Gastronomika eta Gipuzkoako Ezkontzak.
